Sabin Azurmendi: "Bonsaiak, saldu baino gehiago, oparitu egiten ditut"

Anboto 2014ko abu. 29a, 09:35

Etxean dituen bonsaien ezaugarriak ilusioz azaldu dizkigu Sabin Azurmendik. Interesa duenagaz urteotan metatu duen jakintza partekatzea gustuko du, gainera. Irailean Zornotzan antolatuko duten motorren jaialdian erakusketa antolatuko du Luis Urrengoetxea kalean.



Zelan ekin zenion bonsaiak zaintzeari?
Duela 30 urte hasi nintzen zaletasun honekin. Lagun batek esan zidan arbola txikien argazki batzuk ikusi zituela, eta biok hasi ginen arbola horiek basoan bilatzen. Liburuetan eta aldizkarietan informazioa biltzen ere hasi ginen. Lehenengotan autodidaktak ginen. Gainera, ontzirik ere ez zegoenez, gu geu hasi ginen zeramika egiten. Gero, maisuak ere izan ditut, gehienak kolonbiarrak. Jendea ere ezagutu izan dut, eta teknika berriak ikasi ditut.

Etxean hainbat bonsai dituzu. Saldu egiten dituzu ala oparitu?
Oparitu saldu baino gehiago. Baten batek kapritxo handiren bat badu, eta nik ez badaukat, enkargua ematen didate zer edo zer bilatzeko. Prezioak ez dira txikiak, beraz, engainatu egin ahal zaituzte.

Zenbat balio du bonsai batek?
Garden batean merkeenak 40 euro balio dezake eta garestienak 12.000 euro.

Zelan baloratzen da bonsai baten balioa?
Zenbat urte daroazen lan egiten hartzen da kontuan. Bonsaiek ezaugarri batzuk dituzte, eta, horiek ezagutuz gero, atoan jakiten da kalitatea daukan edo ez. Zaharra edo handia izatearren ez da zertan ona izan.

Bonsai bat ikusi, eta zenbat balio duen esan dezakezu?
Gustuko dudan bonsai bati nik prezio bat ipini diezaioket, baina hori balio du ala ez? Koadro bategaz gertatzen den gauza bera da. Merkatuak ipintzen du prezioa. Bartzelonan edo Bilbon prezioa ez da berdina.
 
Etxean dauzkazun bonsaiak erakusten dituzu?
Etxean, ezagunen batek eskatzen badit, erakusten dizkiot, baina hau gauza pribatu bat da. Hala ere, erakusketak egin izan ditut. Jauregibarrian lau erakusketa egin ditut. Datorren irailean motorren jai bat egongo da Luis Urrengoetxea kalean, eta han ere ipiniko ditut.  

Erakusketetan jendeak galderak egiten dizkizu?
Jendeak obsesioa dauka urteekin. Horretaz gainera, prezioa ere galdetzen didate. Eta orokorrean gizonak emakumeak baino zaleagoak dira.

Zelan zaintzen dituzu bonsaiak?
Nik, ez naizenez lehiaketetara aurkezten, ez ditut hainbeste zaintzen. Baina erraza da. Ongarria tokatzen denean, uragaz kontu izan behar da, horixe delako inportanteena; eta forma emateko alanbreak jarri behar zaizkio, esaterako. Neguan lan gehiago egoten da, sustraiak ebaki eta lur berria jarri, adibidez.

Bonsaiak etxean edo kanpoan egotekoak dira?
Orokorrean, kanpoko landareak dira. Kontua da Txinan tenperatura ez dela hemengo modukoa, beraz, batzuk egon daitezke berotegian edo etxean. Baina politenak kanpokoak dira.

Zaletasun honetatik kanpo, profesionalki zertan diharduzu?
Zornotzako Udaleko garbitasunaren eta saneamenduaren arduraduna naiz. Eta arratsaldetan masajeak ematen ditut.

Zer motatako masajeak ematen dituzu?
Balantze polar elektromagnetikoan dihardugu. Gorputzeko energiak orekatzean datza. Gainera, gaixorik dauden etxeak zuzentzen ditugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!