Amorebietak porrot batekin hasi du denboraldia

Anboto 2014ko abu. 25a, 13:16

Bigarren B Mailako lehen jardunaldian 4-0 galdu du Bilbao Athleticen zelaian.

Amorebietak 4-0 galdu du asteburuan Lezamara egindako bisitan. Zuri-gorriak arin aurreratu ziren markagailuan; 8. eta 15. minutuan gol bana sartu zituen Athleticek eta Amorebietak ez zuen izan erreakziorako indarrik. “Athleticek jokalari gazteak ditu, gu baino arinago hartu dute sasoia eta fisikoki hobeto daude; gainera eraginkortasun handia izan dute partiduan eta arin hartu dute abantaila”, adierazi du Josue Atela entrenatzaileak porroteko gakoei buruz galdetuta. Amorebietak izan zuen aukeraren bat edo beste lehen zatia amaitu baino lehen partiduan sartzeko, baina oro har “gu baino gehiago izan ziren”. Datorren zapatuan ligako estreinaldia izango dute etxean. Mailako oilarretakoa den Huesca izango dute kontrario.

Amorebietak 12 jokalari berri ditu aurten. Entrenatzailea ere berria da; Josue Atelak (42 urte, Derio) Iñaki Leniz ordezkatu du aulkian. Atelak iaz denboraldi bikaina osatu zuen Somorrostrorekin Ohorezko Mailan. Beraz aurpegi berri asko daude taldean eta normala den moduan taldea eraikitzen ari dira oraindik. “Egunerik egunera hobetzen joatea da helburua”, Atelaren esanetan: “Amorebietak mailako aurrekontu xumeenetarikoa du. Mailari eusteko puntuak ahalik arinen batzea da helburua eta ondoren handik gorakoak; hamargarren amaitzen badugu hamaikagarren baino hobeto”.

Hauek dira Amorebietak aurtengo denboraldirako egindako fitxaketak: Oier San Miguel (atezaina, Gernikatik dator), Jon Ander Felipe (atezaina, Bilbao Athletic-etik dator utzita), Jon Ander Amilibia (zentrala, Bilbao Athletic-etik dator utzita), Xabi Etxebarria (zentrala, talde barik zegoen), Aitor Ortega (eskuin hegala, Arenasetik) , Jon Orbegozo (aurrelaria, Barakaldotik), Mikel Muniozguren (zelai erdian zein aurrean, Laudiotik), Ukerdi Corres (zelai erdia, Santutxutik), Alain Barron (ezker hegala, Logroñesetik), Alberto Delgado (ezker hegala, Barakaldotik), Joseba Arriaga (aurrelaria, Barakaldotik) eta Asier Goitia (aurrelaria, Mirandesetik).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!