Beste sei egunez Karmengo jaietan murgilduta

Anboto 2014ko uzt. 22a, 11:00

Aurtengo Karmengo jaien bide erdia egin dute zornotzarrek, dagoeneko, baina hainbat eta hainbat ekintza daude oraindik Udalak herriko elkarteen lankidetzagaz antolatu programazioan.

 

Musikari dagokionez, azpimarratzekoak dira La Pegatina talde kataluniarraren uztailaren 24ko emanaldia, eta uztailaren 27ko Bad Sound System taldearena, esaterako. Dantzarako eta jairako oso aproposak diren doinuak eskainiko dituzte talde bi horiek, Zornotzan: ska, reggaea eta hip hopa.

Trikitalarien topaketa egingo dute, bestalde, uztailaren 27an, eta kaleko musika emanaldiak ere izango dira, datozen egunetan, Karmengo jaietan: Lokomotores elektrotxarangakoak eta Ladinamo taldekoak ariko dira kalerik kale jai-giroa zabaltzen.

Gazte zein umeei zuzendurik, bestalde, antzerkia ere ekarriko dute jaietara. Hilaren 25ean, esaterako, gazteei zuzenduriko eszena arteen Zu Zeu Artista! ekimenaren bosgarren edizioa ospatuko dute. Umeei zuzenduta, Eidabe taldeak Sardine freskue antzezlana eskainiko du 19:00etan, uztailaren 26an, eta umeen danborrada tradizionala egingo dute egun horretan.

Kultur programazio oparoaz gainera, kirol eskaintza anitza osatu dute Zornotzako Karmengo jaietarako. Besteak beste, Ibaizabal errekaren piragua jaisiera egingo dute herriko koadrilek bihar, 18:30ean hasita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!