Erlantz Zelaieta eta Ibon Ordoñez: "Motorrak konpontzeaz gainera, zaharberritu eta fabrikatu egiten ditugu"

Anboto 2014ko uzt. 19a, 10:00

Ideiaz betetako bi ekintzaile zornotzarrek sortutako proiektua da AMR Motos. Otsailean, Biarritz industrialdean zabaldu zuten motor tailerra ez dute konponketara soilik bideratu. Motor zaharrak berriztu eta edozein modelo sortzeko gaitasuna dute. Proiektu honegaz Eusko Jaurlaritzaren Urrats Bat sariko epaimahaia konbentzitu dute Zelaietak eta Ordoñezek. Proiektua hazten dabil, gainera. Harley Davidson markako motarrak saltzea edo lasterketetarako taldea sortzea dira buruan dituzten hurrengo erronkak.


Enpresa sortzea zelan bururatu zaizue?
Ibon Ordoñez: Zornotzan ez zegoen mota honetako enpresarik, eta guk geuk zabaltzea bururatu zitzaigun. Aurretik, beste tailer bat zegoen industriagune honetan. Ondo zebilen, baina itxi egin zuen.

Proiektua martxan jartzeko laguntzarik izan duzue?
I.O.: Bizkaiko Foru Aldundiaren gazte ekintzaileei zuzendutako laguntza eta inbertsiorako laguntza jaso ditugu. Era berean, Iurretako institutuak gai burokratikoetan lagundu digu, eta Aldundiko laguntza horiek jasotzeko enpresa proiektua egiten ere lagundu digu.  
 
Ibilbide honetan zer izan da zailena?
Erlantz Zelaieta: Burokrazia aldetik gauza guztiak zelan luzatzen diren harrigarria da. Paper bat jasotzeko hilabeteak pasatu daitezke.

Otsailaren 15ean zabaldu zenuten enpresa. Zelako harrera izan du?
I.O.: Jendea motorren tailer bat noiz irekiko zain zegoen, ez zegoelako besterik inguruan.  
E.Z.: Harrera ona izan du, eta jendea hasi da etortzen.

Eusko Jaurlaritzaren Urrats Bat saria jaso duzue. Esker oneko sari bat al da?
I.O.: EAEn enpresak sortzeko Urrats Bat programa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzak. Epaimahai baten aurrera joan behar duzu zure proiektua aurkeztera. Izan dituzun zailtasunak eta indarguneak zeintzuk izan diren azaldu behar duzu bertan.

Saria jasotzea itxaroten zenuten?
E.Z.: Ibon, aurkezpenetik irabaziko genuela esaten etorri zinen.
I.O.: Irabaziko nuela esanez joan nintzen epaimahaiaren aurrera; bestela, zertarako joan?  
E.Z.: Gure webgunea, www.amrmotos.com, erakutsi zien, eta guk egiten duguna azaldu zien epaimahaikideei. Errealitatea zein den azaldu zien, gorbatarik eta aurkezpen handirik barik.

AMR motorren tailer bat baino gehiago da. Zertan diharduzue?
I.O.: Motorrak konpontzeaz gainera, zaharberritze lanetan eta fabrikazioan dihardugu. Xasisetik hasita, zuntzak, tornua... ditugu. Ez diogu ezeri ezetzik esaten. Eta lasterketen munduan ere esperientzia dugu.
Motor bereziak dituzue tailerrean. Historia handiko sidekar bat duzue tartean.
I.O.: Lan hori enpresa zabaldu orduko genuen hemen. Lagun batek motor hori zeukan, eta konpontzea gura zuen.
E.Z.: II. Mundu Gerrako sidekar bat da. Errusiatik ekarrita dago, eta originalak metraileta bat du. Instalazio elektriko oso konplexua dauka, eta inork ez zion konpontzen. Motorra 1939koa da. Dena oso berezia da, eta adi ibili beharra dago, ezer ez apurtzeko. Ordezko piezarik ez daukanez, zerbait apurtuz gero, berria egin behar da. Pieza asko motorrarentzat fabrikatu ditugu. Orain homologatzeko zain dago, bestela, ezin da kalera atera.

Motor modelo zaharrak ere fabrikatzen dituzue.
E.Z.: Angel Nietoren Derbi Ran motorraren erreplika egin dugu. Plano batzuetatik neurriak hartu ditugu, eta motorra osatzen ibili gara. Internet bidez Murtziako (Espainia) bati saldu diogu. Galizian zegoen, eta ea motorra ikustera etorri zitekeen galdetu zigun. Hegazkina hartu zuen Madrilera (Espainia), eta handik hona etorri zen. Ikusi eta gero, erostea erabaki zuen.

Hasiberriak zarete, baina etorkizunean zabalkunderako aukerarik ikusten duzue?
I.O.: Bai, laster Harley Davidson originalak Kaliforniatik (AEB), Ciencinatitik ekartzen hasteko asmoa dugu. Beste erosle batzuekin batera kontainer batean ekartzeko asmoa dugu, homologatu eta gero saltzeko.
I.O.: Lasterketa talde bat sortzea ere pentsatu dugu, baina aurten ez da posible izan. Ea datorren urtean sortu dezakegun.

Zer formakuntza eta lan esperientzia duzue?
E.Z.: Automozioa ikasi genuen Iurretako institutuan, orain zazpi urte. Ondoren, beste tailer batean ibili izan naiz lanean.
I.O.: Alemaniara joan nintzen praktikak egitera, eta, gero, Bartzelonara joan nintzen lehiaketetako mekanika ikastera. Orain bi urte itzuli nintzen Durangaldera. Iaz lasterketetan dabilen talde baten laguntza lanetan jardun genuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!