Play off-etan aurrera egiteko datozen partidu biak irabazi behar ditu Zornotzak

Anboto 2014ko api. 22a, 12:59
Zornotza saskibaloi taldeko jokalariak partidu amaieran bertaratutako zaleei animoak eskertzen
Zilarrezko Adecco ligako igoera fasean, final laurdenetako lehen partidua galdu egin du Zornotzak Kataluniako El Prat taldearen kantxan: 70-61. Play off-etako finalerdietara sailkatu gura badute hurrengo partidu biak irabazi egin beharko dituzte. Kanporaketako bigarren partidua datorren zapatuan, 19:30ean, jokatuko dute Larrean.

Partidua galdu eta amesten jarraitzeko eskubidea irabazi egin zuen Zornotzak Kataluniara egindako bisitan. El Prat talde indartsuari hortzak erakutsi zizkion. Bere armak zuzen erabiliz  eta intentsitatez jokatuz, azken laurdenera arte markagailua estu mantendu zuen. Beraz, aurreikusi zitekeen porrotak ez du porrot sentsaziorik utzi. Play off-en finalerdietara sailkatzeko geratzen diren partidu biak irabazi egin beharko ditu Zornotza saskibaloi taldeak eta horiek lan zailak dira, baina erronkari aurre egiteko indartuta itzuli dira; El Prati nor baino norrago beldur barik jokatzeko kapaz direla erakutsi dute. Datorren zapatuan, marea berdeak betetako Larrean, kanporaketa berdintzen saiatuko dira. Hori lortuz gero, edozer gertatu liteke Katalunian jokatuko litzatekeen hirugarren partidu erabakigarrian.

Lehen hiru laurdenak oso parekatuak izan ziren. Defentsan intentsitate handiz eta erasoan trantsizio arinak bilatuz jokatu zuten. Jokamolde hori emankorra izan zen Zornotzarentzat eta azken laurdenera markagailuan atzetik, baina oso bizirik heldu ziren: 54-49. Azken laudenari ere oso ondo ekin zioten eta markagailua berdintzea lortu zuten. Baina El Prat arerio gogorra da eta azken txanpan nagusitu egin ziren; 11-1eko partziala lortu eta partidua erabakita utzi zuten.

Zornotzari dagokionez Toni Lorenzo izan zen taldeko saskiratzaile nagusia 13 punturekin; Rowley-k 10 lortu zituen eta Cruz-ek 9. Azpimarragarria izan zen Iker Salazarren ekarpena ere: 19 puntuko balorazioagaz amaitu zuen partidua: 6 puntu, 5 errebote, errekuperatutako 4 baloi, 3 tapoi eta berari egindako 6 falta; horrela, jardunaldiko boskoterik onenean sartu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!