‘Zaldibarko jendeak’ kultur arteko jaia egingo dute, zapatuan, bigarrenez

Itsaso Esteban 2016ko urr. 27a, 12:30
Argazkia: Delfín Zubizarreta

Bigarren urtez egingo dute Zaldibarko Jendeak kulturarteko jaia, zapatu honetan. Iaz lehenengoz egin zuten bezala, Zaldibarren bizi diren jatorri desberdinetako herritarrek elkar ezagutu eta harremana egin dezaten bultzatzeko helburuz antolatu dute jaialdia. Bihar, Euskal Herria etorbidea itxi egingo dute udaletxe parean, Zaldibarko Jendeak jaialdia hartzeko.  

Hango eta hemengo musikak girotuko du jaialdiaren hasiera: trikitilarien eta perkusionisten kalejira 11:00etan abiatuko dute, eta umeentzako jolasak eta tailerrak ere izango dira: hennagaz tatuatu edota trentzak egiteko aukera egongo da, hainbat jatorritako herrikideen eskutik.

Goizean musikagaz hasitako ekimena jan-edanean jarraituko dute. Kultura desberdinetako janariak prestatu eta dastatuko dituzte 12:30ean, eta bazkari herrikoia 14:30ean egingo dute. Iaz, 200 lagun inguru elkartu ziren bazkaltzera, eta gehiago espero dituzte aurten. Kolonbia, Mendebaldeko Sahara, Mali, Senegal, Portugal, edota Kubatik etorritakoek parte hartuko dute, besteak beste, jaialdian.  

Biharko jaiaz haratago, herrian kultur arteko harremana urte osora hedatzeko, herrira datozenei harrera egingo dien taldea sortzeko lanean dabiltza Zaldibarren: etorkinentzako gida bat argitaratuko dute, eta protokolo bat ipiniko dute martxan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!