Katastroaren berrikuspena udalei eskumen handiagoa emateko baliatzeko eskatu du EH Bilduk

Anboto 2016ko mai. 27a, 16:00

Katastroaren berrikuspenari eta Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren Foru Arauari buruzko mozioa aurkeztu zuen, atzoko udalbatzarrean, EH Bilduk. Duela lau hamarkadatik eguneratu barik egon den araudi horren berrazterketa, hainbat berrikuntza egiteko aprobetxatu dezatela proposatzen die Zaldibarko EH Bilduk Bizkaiko Aldundiari eta Batzar Nagusiei: "Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga ezartzerakoan herritarren errenta kontuan har dadila", esate baterako.

Gai hori "Aldundiaren eta Batzar Nagusien eskuetan" dagoela argudiatuta, abstenitu egin ziren hiru ordezkari jeltzaleak, atzoko osoko bilkuran. Baina, esan bezala, EH Bilduko sei ordezkarien aldeko bozkekin onartu egin zen mozioa. Izan ere, EH Bilduren ustez, katastroaren berrikuspenarekin batera, udalei hainbat hobari eta errekargu egiteko eskumena emateko momentu aproposa da Ondasun Higiezinen Foru Araua egokitzen dabiltzan hau.

Hauxek dira EH Bilduk atzo udalbatzarrean aurkeztu zituen proposamenak: "Katastroari buruz udalek diotena aintzat hartzeko mekanismoak" martxan ipintzeko eskatzea Aldundiari; Udalei eskumena ematea "ohiko etxebizitzak ez diren higiezinei %150erainoko errekargua ezartzeko"; "Baliabide ekonomikorik ez duten jabeek Ondasu Higiezinen Gaineko Zerga-kuota osoaren %95erainoko hobaria eskatzeko aukera" arautu dezatela Aldundiak eta Batzar Nagusiek; eta "hobari progresibo bat ezar dezatela bizikidetza-unitatearen kide kopuruaren eta errenta-mailaren arabera".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!