Urrian, faxismoak hildako zaldibartarrei omenaldia egitea onartu dute, aho batez

Anboto 2016ko mai. 27a, 13:00

EH Bilduko sei zinegotzien eta EAJko hiru ordezkarien aldeko bozkagaz onartu zuten, atzo, faxismoak hildako zaldibartarrei omenaldi bat egitea urrian. Franco eta Mola jeneralek gidatutako altxamendu faxistaren 80. urteurrena beteko da aurten, eta faxismoak errepresaliatutako herritar guztiei omenaldia egingo diete, Zaldibarren.

Amuategi batailoiko Primo Bastida Garitagoitia milizianoa izan zen faxismoaren kontrako borrokan hil zen lehenengo zaldibartarra, eta errepresaliatu guztiei omenaldia egiteko, Bastida hil zuten eguna (urriaren 25a) aukeratzea proposatu zuen, atzoko osoko bilkuran, EH Bilduk.

EH Bilduren proposagaz adostasuna agertu zuten jeltzaleek, atzoko osoko bilkuran, eta omenaldi eguna zelan planteatu denen artean eztabaidatu eta adostuko dutela adierazi zuten. Udalbatzak ebazten duen lekuan Bastida eta faxismoak hildako beste 27 zaldibartarren izenak jasoko dituen oroitarri bat ipiniko dute, besteak beste.

Fusilatuak, borrokan hildakoak, errefuxiatuak, presoak, zaurituak, zein beraien ondasunen lapurreta jasan zutenak omenduko dituzte urrian udalak antolatuko dituen ekitaldi horietan.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!