"Presoen eskubideak inoiz baino ozenago aldarrikatzeko deia" egin du Zaldibarko EH Bilduk

Anboto 2016ko mai. 27a, 09:36

Udaletxeko balkoitik Euskal Presoak Euskal Herriratzearen aldeko banderola kentzeko epailearen aginduaren aurrean, "presoen eskubideak inoiz baino ozenago aldarrikatzeko deia" egin du Zaldibarko udal gobernuan dagoen EH Bildu koalizioak. Gaur, 19:00etan, udaletxe aurrean egingo den kontzentrazioarekin bat egin eta "herritarrak bertara joatera gonbidatu" dituzte komunikabideetara bidali duten oharrean.

EH Bilduk idatzi horretan dioenez, "euskal preso eta iheslariak etxean ez dauden bitartean, berauen herriratzearen aldeko banderolak Zaldibarko balkoi eta leihoetan jarraituko dute". Azpimarratu dute, "Espainiako Gobernuak giza eskubideak betetakoan desagertuko" direla banderolak balkoietatik.

Herritar talde batek proposaturiko mozioa onartu ondoren ipini zuten Euskal preso eta iheslariak etxera dioen kartela udaletxeko balkoian, 2011n. Baina udalaren erabakiaren kontra helegitea aurkeztu zuen Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak, eta epaitegietan ibilbide luzea egin ostean, banderola kentzeko agindua eman du maiatzean, administrazioarekiko auzibideen Bilboko epaitegiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!