Ospitaleko lurren zati bat herritarren erabilerarako izatea aldarrikatzeko elkartuko dira, bihar

Anboto 2016ko mai. 5a, 12:30

Ospitale psikiatrikoko lurren zati bat zaldibartarren erabilerarako zabaltzea eskatzeko elkartu dira hainbat herritar, eta bariku honetan ipini dute lehenengo hitzordua, 19:00etan, liburutegi zaharrean. Eremu hori herritarren erabilerarako berreskuratzeko, jendea mobilizatzea gura dute, eta batzar horretan erabakiko dute "aurrerantzean zer egin Ospitaleko lurrak berreskuratzeko".

Urte asko dira Zaldibarko Udala lur horien erabilpen publikoa eskatzen dabilela. Barikuko batzarra deitu duten herritarren arabera, "urteak daramatzagu Eusko Jaurlaritzak Ospitaleko lurren zati bat, Parkeko Hotela zena eta kapera herriari itzuliko diola entzuten, baina denborak aurrera darrai, eta ikusten duguna da ez dela gauzatzen". Ekimenaren bultzatzaileen berbetan, "lur horiek, kokapenagatik eta euren ezaugarriengatik herriguneko eremu ederrena dira, eta zaldibartarrontzat izateko ordua da".

Bost urte dira EH Bilduko gobernu taldea Osakidetzagaz gai horren inguruan negoziatzen hasi zenetik, eta udalaren 2015eko aurrekontuko proiektu nagusia zen ospitale psikiatrikoko hormaren zati bat bota eta berdegune bat atontzea. Udalak 120.000 euroko inbertsioa aurreikusten zuen horretarako, baina Osakidetzagaz adostasunik lortu ez, eta ezin izan dute gauzatu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!