Jose Luis Mendilibar: "Batzuentzat, langabezian egotea baino garrantzitsuagoa da futbola"

Anboto 2015ko ira. 4a, 09:00

Liga profesionala hasi berri da, eta beragaz batera futbolak mugitzen duen zurrunbilo guztia ere bai. Zaleek erosi dute euren talde maitatuaren kamiseta, hasi dira partiduak lagunartean ikusten, eta Jose Luis Mendilibarrek dioenaren haritik, burua galdu duenik ere badago. Zaldibartarra Eibar entrenatzen dabil aurten, duela 11 urte futbol profesionalean sartzeko aukera eman zion taldea. Iaz moduan, aurten ere mailari eustea izango dute helburu, eta hasiera bikaina izan dute behintzat: bitik bi irabazi dituzte.  Solasaldirako tartea egin dio ANBOTOri hankak lurrean dituen entrenatzaileak.


Zorionak Jose Luis, denboraldia ederto hasi duzue.
Eskerrik asko. Aurredenboraldia ez genuen ona egin, jokalari asko berandu etorri ziren, euretako lau Liga hasteko egun batzuk falta zirenean. Horregatik, lehenengo partidura zer gertatuko zen jakin barik joan ginen. Baina partidu oso ona egin genuen, seriotasunez. Bigarrenean ere ondo jokatu genuen, eta garrantzitsuena da Athleticek ez zuela ia gol aukerarik ere egin.

Athleticen aurkako garaipena ez zen txiripaz lortutakoa izan.
Ez. Bigarren partiduan ikusi zen taldea ondo mugitu zela, eta erasoan ere erremate batzuk egin genituen. Gol bi sartu genituen, eta Iraizozek hiruzpalau baloi geratu behar izan  zituen.

Pozik zaude orain arteko lanagaz?
Bai. Uste dut talde ona daukagula. Lehenengo maila oso zaila da; ondo hasi zaitezke, baina gero galtzen hasten zara, eta ez dakizu zergatik. Buruari bueltak eman, eta, zergatik izango ote da? Askotan ez duzu jakiten zergatik irabazi duzun ere. Baina pentsamendu onak eduki behar dira, txarrak etorriko dira hala behar badu.

Iaz Eibarrek lehen itzuli bikaina egin zuen, baina bigarrena eskasa. Hori gertatzeko beldurra duzu?
Ezin duzu jakin. Iazkoaz, batzuek esaten dute Albentosa joan ostean hasi zirela emaitza txarrak... Ez dakizu. Batzuetan buruko kontua izaten da. Ez zaizkizu gauzak ondo irteten, eta burua gero eta nahasiago izaten duzu.

Alde psikologikoa garrantzitsua da...
Bai. Partidu bi irabazi, eta hor zoaz, paparra erakusten. Gainera, zuok, kazetariok, ondo ipintzen gaituzue, eta badu eragina.  Jakin egin behar da hortik bajatzen, lurra ukitzen. Nire lana da denak ondo egotea eta egunero beharrean segitzea. Hori da garrantzitsuena.

Asteburu honetan ez dago jardunaldirik. Geldialdia ona ala txarra izango da?
Ona izango dela uste dut. Azkenean, esfortzu handia egiten dugu partiduak irabazteko. Domekan, Athleticen aurka bero handia egin zuen, eta hiru bat jokalari justu samar ibili dira. Bihar [atzogatik] Sportingen aurka lagunartekoa jokatuko dute, batez ere gutxi parte hartu dutenek, eta asteburuan atseden hartuko dugu. Asteartean hasiko gara hurrengo partidua prestatzen, Malagaren kontrakoa.

Ez da izango partidu erraza...
Gaitza. Talde ona, bero egingo du... Ea gu ondo ailegatzen garen, sasoi onean, eta inork minik hartu barik.

Berriro Eibarren zaude. Berezia al da zuretzat?
Bai. Futbol profesionalean debutatzeko aukera eman zidan taldea da. Ordura arte, umeekin, Lehentasunezko mailan, Hirugarren mailan eta Bigarren B mailan ibili nintzen. Denboraldi oso ona egin genuen, eta hortik aurrera Lehen eta Bigarren mailetan egon naiz. Berriro bueltan etorri, eta gainera, Lehen mailan dagoelarik, eta etxe ondoan. Bada, oso garrantzitsua da niretzat. Andreak beti esaten dit “munduko ligarik onenean” hogei talde daudela, eta ni naizela horretako baten entrenatzailea. Asko esan gura du. Eibar klub lez gauzak ondo egiten dabilela uste dut, gainera.

Etxetik ordu laurdenera lan egitea ez da ohikoa entrenatzaileentzat. Eskertuko duzu, ala?
Bai. Entrenatzen kanpora joan izan naizenean, gainera, bakarrik joan naiz, etxekorik barik. Partidua galdu, gero etxera joan, eta zu han bakarrik egotea... Batzuetan gogorra izaten da.  

Talde handietako entrenatzaileez asko egiten da berba. Baina mailari eusteko borrokan dabiltzan taldeetakoek ere baduzue meritua.
Gure helburua jaitsieratik libratzea da, eta, kontuan izanda beste talde batzuen helburua ere badela, bada, 2. mailara ez bajatzea Bartzelonak edo Real Madrilek Championsa irabaztearen parekoa da guretzat.

Futbola ikaragarri mediatizatuta dago. Zelan daramazu hori?
Futbolak gero eta indar gehiago dauka. Telebistako emankizunek gero eta indar gehiago badute, zale gehiago dagoen seinale da. Herritik zoaz, eta denek futbolaz berba egiten dute; tabernara zoaz, eta berdin... Badakizu, norbere taldearen koloreak hor daude. Baina batzuentzat, langabezian egotea baino garrantzitsuagoa da futbola. Greba edo manifestazio bat egiten da futbol partiduaren orduan, eta berdin zaie ez dakit zenbat urtean lanik barik egotea. Nik uste dut futbola ondo dagoela disfrutatzeko, baina badaude gauza garrantzitsuagoak.

Entrenatzaile batzuek diote kosta egiten zaiela lanetik deskonektatzea. Zuri gertatzen zaizu?
Uste dut lan askogaz gertatu ahal zaizula hori. Makina baten aurrean zortzi ordu egiten dituzu, etxera zoaz, eta baliteke lana ahaztea. Edo ez. Baliteke makina hondatu izana, pieza guztiak egiteko astirik ez izatea, eta biharamunean lehenago joan behar izatea... Futbolean, lana buruan dago: entrenamenduak, jokalariak zelan egongo diren, aurkaria zelan etorriko den... Baina lana denbora zehatz batean egin behar duzu. Niri, lana gustatzen zait, baina ez naiz zoratzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!