Euskara eskoletan eta Zapatublai aisialdi programan izen-ematea

Anboto 2015ko ira. 1a, 10:51

Gaur hasita, irailaren 23ra arte dago aukera 2015-2016 ikasturteko Zaldibarko euskara eskoletan izena emateko. Euskalduntze maila guztietako ikastaroak, guraso taldeei bereziki zuzendurikoak, eta Berbalagun ekimena eskainiko dituzte ikasturte honetan ere.

Udalaren Euskara Zerbitzuan (94-6827016 telefono zenbakian edo eguen@zaldibar.org helbidean) edo AEKn (94-6817349 telefono zenbakian edo zaldibar@aek.org helbidean) eska daiteke euskara eskolei buruzko informazioa.

Zapatublai ekimena

Udal Euskara Zerbitzuak jakitera eman duenez, bestalde, irailaren 6tik 16ra, udaletxean, eman daiteke izena Zapatublai aisialdi programan parte hartzeko ere. Izen-emate fitxa eta matrikularen 30 euroko ordainketaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira udaletxean.

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako zaldibartarrei zuzenduriko aisialdi programa da Zapatublai, besteak beste, euskararen erabilera indartzea eta haurren parte hartzea bultzatzea helburu duena.

Urriaren 10etik ekainaren 18ra, hamabostean behin (zapatuetan), 16:00etatik 19:00etara, elkartuko dira Zapatublai ekimenean izena ematen duten neska-mutilak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!