Euskara ikasten aritu direnentzako diru-laguntza emango du Zaldibarko Udalak

Anboto 2015ko ira. 2a, 09:00

2014-2015 ikasturtean euskara ikasten jardun direnek urriaren 15era arte aurkeztu ahalko dituzte Zaldibarko Udalak ematen duen diru-laguntza jasotzeko eskariak.

Udaleko Euskara Zerbitzuak jakitera eman duenez, ikastaroa iragan ikasturtean egin izana, %80ko asistentzia egiaztatzea, eta eskatzailea Zaldibarren erroldatuta egotea dira diru-laguntza eskatu ahal izateko baldintzak.

Trinkotasun handiko ikastaroetan ibili direnek matrikularen kostuaren %50 berreskuratu ahalko dute, eta asistentziaren arabera, matrikularen %75 edo %100 ere jaso ahalko dute trinkotasun txikiko ikastaroak egin dituztenek.

Diru-laguntza jasotzeko eskaria egin gura dutenek, matrikularen ordainagiria, euskaltegiaren informea, eta diru-laguntza helbideratzeko kontu zenbakia aurkeztu beharko dituzte, urriaren 15 orduko, udaletxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!