Kaleko argiteria sistema hobetzen jarraituko du Zaldibarko Udalak

Anboto 2015ko abu. 31a, 13:00

72.591 euroko aurrekontuagaz, datozen asteetan ekingo dio Zaldibarko Udalak LED argiteria sistema ipintzeko lanen bigarren faseari. Kaleko argiteria sistema eraginkorrago egiteko helburuz, 140 farola aldatzea da asmoa.

Zaharkituriko argiteria sistema LED sistemagatik aldatuta, Udalak telegestio bitartez kontrolatuko du kaleko argiaren intentsitatea; beharrizanaren arabera, argiaren intentsitatea gehitu edo gutxituz. 

Gobernu taldeak jakitera eman duenez, Autonomia, Askorra, Bekoetxe, Bolatoki, Euskal Herria, Garitaerri, Olazar, San Martin, Zaldusolo, Zubiaurre eta eskolaren inguruan egingo dituzte datozen asteetan, lanak.

Iaz hasi ziren Zaldibarren kaleko argiterian hobekuntzak egiten; udalak argindar konpainiekin dituen kontratuak aztertu eta hobetu ostean, 32.000 euro aurreztu zituen Zaldibarko Udalak. Horren ostean, 165 farola aldatu zituzten.

Gobernu taldearen aurreikuspena da, aurrerago burutuko duten beste fase bategaz, Zaldibarko luminaria guztiak aldatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!