Eneko Iraeta, (Arrastoa): "Asto-probak geldiaraztea da gure asmoa"

Anboto 2015ko uzt. 19a, 21:32
Jaiak ospatu animaliak askatu ekimena (Argazkia: Maialen Zuazubiskar)

Jaiak ospatu animaliak askatu ekimena antolatu dute Zaldibarko Goierri auzoan Arrastoa mugimenduko kideek. Gaur arratsaldeko asto-probetan hitzordua jarri dute protesta egiteko. Pankartaren atzean Arrastoa mugimenduko kideek probetan astoei ematen dieten tratua salatu gura izan dute. Asto probetako publikoak eta parte-hartzaileek berriz, urtero moduan ospatu dute asto-proba. Arrastoa Zaldibarren sortu berri den taldea da, herrian antolatzen diren asto-probak geldiarazi eta jendea kontzientziatzeko asmoz. 

 

"Gurea mugimendu zabala da, herritar orok animalien askatasuna defendatzeko gonbidapena", adierazi du Eneko Iraeta ekimenaren bultzatzailetako batek. Iraetaren hitzetan, beraien asmoa asto-proben gaia gizarteratzea eta eztabaida piztea da, "erabat errotuta eta normalizatuta dagoen gaia" delako. Lehen pausu hau emanda, hemendik aurrera Arrastoa ekimenak lanean jarraitu gura du, mezu hau herrira zabalduz. Herritarrak kontzientziatu, eta erabakiak Goierriko kofradiarekin, Zaldibarko Udalarekin eta herritarrekin hartzea dute helburu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!