Udako jaietako kartela eta txosnagunearen logoa hautatzeko lehiaketak, abian

Anboto 2015ko api. 15a, 11:24

Maiatzaren 22ko 15:00ak arteko epea dago uztaileko jaietarako kartela aukeratzeko Udalak antolatu duen lehiaketara lanak bidaltzeko. Bestalde, txosnagunearen logoa aukeratzeko ere, lehiaketa abiatu dute, eta apirilaren 24ra arte jasoko dituzte lanak zaldibarkotxosnagunea@hotmail.com helbidean.

Udaletxean jasoko dituzte Udalak antolatu duen lehiaketara aurkeztu gura dituztenen lanak, eta maiatzaren 28an jakinaraziko dute nortzuek jaso dituzten lehiaketako sariak: 250 eurokoa izango da lehenengoa, eta 150ekoa bigarrena. Jai Batzordeko kideek osatuko duten epaimahaiak hartuko du erabakia. 14 urte edo gutxiagoko parte-hartzaileen artean banatuko duten saria, aldiz, ez da dirusaria izango. Sari berezi bat emango diote kategoria horretako irabazleari.

Tablet bat eta txosnaguneko materialen bilduma bat jasoko ditu, bestalde, txosnaguneko logo lehiaketaren irabazleak. Lehiaketaren baldintza da, logoa kolore bakarrekoa izan behar dela. Irabazle aukeratzen duten logoa, txosnagunearen irudi bezala erabiliko dute aurrerantzean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!