Zaldibar 'fracking gabeko udalerri' izendatzea onartu du udalbatzak

Anboto 2015ko mar. 27a, 14:44

Udal gobernuko Bilduko sei ordezkarien eta PSE-EEko zinegotzi bien aldeko bozkagaz onartu zuten, joan zen eguazteneko plenoan, Fracking Ez Durangaldea plataformak aurkezturiko mozioa. Mozioaren kontrako botua eman zuten EAJ eta PPren ordezkariek.

Mozio hori onartuta, Durangaldean haustura hidrauliko edo fracking izenez ezagutzen den teknika erabltzearen kontra agertu da Zaldibarko udalbatzarra. Gas ez konbentzionala (erregai fosila) ustiatzeko teknika horrek ingurumenean eta pertsonen osasunean sortzen dituzten kalteak kontuan hartuta, Zaldibar Fracking gabeko udalerri izendatzea onartu du udalbatzaren gehiengoak.

Mozioan zehazten denearen arabera, "Zaldibarko udalbatzak bertako udal gobernuari eskatzen dio bere esku dauden urratsak eman ditzala, erregai fosiletan oinarritzen den eredu energetikoa gainditzeko, eta soilik energi iturri berriztagarrietan eta energia kontsumoaren murrizketan oinarritzen den eredu baterantz joateko". Bestalde, "Zaldibar barne hartzen duen SHESA (Euskadiko Hidrokarburoak) eta Petrichor Coöperatiefek eskatua duten Sustraia Hidrokarburo Ikerketa baimena bertan behera uztea" ere eskatu du Zaldibarko udalbatzak.

EAEn, 2014. urtetik emanda dauden hamaika ustiapen-baimenek eta tramitazioan dauden beste bost eskaerek ia lurralde osoari eragiten diotela azpimarratzen du Durangaldeko Fracking Ez plataformak, tartean Zaldibarri ere bai. Haustura hidraulikoa erabiliz "mundu mailan egin diren ustiaketa askotan agerian geratu da inguruan bizi diren pertsonentzat oso teknika arriskutsua dela", dio onarturiko idatziak: "Badirudi, ordea, Eusko Jaurlaritzak sistema horren aldeko apustua egin duela".

EAJren mozio alternatiboa

Aipaturiko testuaren kontrako bozka eman, eta mozio alternatiboa aurkeztu zuen, joan zen eguazteneko udalbatzarrean, Zaldibarko EAJk, baina ez zuen babes nahikorik lortu. "Euskadin gas ez konbentzionalaren ustiapenaren moratoria aldarrikatzea", eta "gas ez konbentzionala ateratzeko teknologiaren etengabeko azterketa egingo duen batzorde zientifiko bat sortzea", jasotzen du, besteak beste, jeltzaleen proposamenak.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!