Psikiatrikoko lursailaren zati bat herrira zabalduko dute

Anboto 2015ko ots. 27a, 10:38

2015. urterako udal aurrekontua onartu zuten atzo, Zaldibarko Udaleko, ez-ohiko osoko bilkuran. Urte honetarako aurreikusitako inbertsiorik handiena (112.000 eurokoa), ospitale psikiatrikoko hormaren zati bat bota, eta lursailaren zati bat herritarren erabilerarako zabaldu ostean, berriro altxatzera bideratuko dute.

Bi urte daramatza Zaldibarko Udalak lursail horren erabilera publikoaren inguruko negoziazioetan Osakidetzagaz. Erakunde bien arteko hitzarmena oraindik sinatu barik dagoen arren, ospitale psikiatrikoko 4.600 metro koadroko lursaila 30 urterako herriaren erabilerarako uzteko konpromezua hartua du Osakidetzak. Horrela, Euskal Herria eta Olazar kaleen gurutzebidetik autobus geltokira arte, berdegune berria izango dute herritarrek erabilgarri. Horma lekualdatu eta gero, bestalde, psikiatrikoko eremutik kanpo utziko dituzte ospitaleko kapera eta Bi ahizpena izenez ezaguna den eraikina.

Bilduko zinegotzien bozkekin onartu zuten, atzo, 2015. urterako Zaldibarko Udalaren aurrekontua. PSE-EE eta PPko ordezkariak abstenitu egin ziren, eta proposamenaren kontrako bozka eman zuen EAJk.

Guztira, 2.800.000 eurokoa da onarturiko udal aurrekontua, eta Aitor Arizmendiarreta zinegotziak azaldu zuenez, beste urte batzuetakoagaz antz handia du. "Soberakinaren parte handi bat krisiaren sortzaile izan diren bankuei bueltatu behar diegu", azpimarratu zuen Arizmendiarretak. Arantza Baigorri alkatearen berbetan, inbertsioetarako gordetako 200.000 euro zer proiektutara bideratu, hau da, zeintzuk egitasmori lehentasuna eman, izan dute eztabaidagai nagusia.

Sanjuangoa-Elexpe konpontzen hasteko

Ospitale psikiatrikoko lursailaren zati bat zabaltzeko ez ezik, Sanjuangoa-Elexpe eraikinaren egitura konpontzeko lanetarako ere egingo du inbertsioa Zaldibarko Udalak. Herriko eraikinik zaharrena den horren egiturazko konponketak egingo dituzte (teilatua eta habeak konponduko dituzte, esaterako) 60.000 euroko inbertsioagaz.

Sanjuangoa-Elexpe eraikina konponduta, udal gobernuak bertan zer egiteko asmoa duen galdetu zuen Jose Luis Maiztegi zinegotzi jeltzaleak. Galdera horri erantzunez azaldu zuen Arantza Baigorri alkateak, atzo, "beti argi esan dugun bezala, gure asmoa Sanjuangoan kultur etxea egitea da". Eraikina kultur etxe bezala erabili ahal izateko egin beharreko obra egiteko "diru nahikorik ez dugunez, baina, zatika egin beharko dugu", esan zuen Baigorrik: "Momentuz, herriko eraikinik zaharrena den Sanjuangoa-Elexpe ez dela jausiko ziurtatzea da gure helburua".

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!