Txintxaur aisialdi taldea sortu dute

Anboto 2015ko ots. 25a, 09:00

Zaldibartarrek kudeaturiko aisialdi talde baten faltari buruzko kezka konpartitzen duten dozena bat gaztek sortu dute Txintxaur Aisialdi Taldea.

Eskolaz kanpoko euskarazko jarduerak eskaini gura dizkiete herrikideei, eta “herritik eta herriarentzat” ekarpena egiteko ilusioz gainezka daudela diote. Taldeko kideek asteon azaldu dutenez, herriko haurrek eta gurasoek euren ekimenaren berri izan dezaten, aurkezpen jaialdi bat burutuko dute martxoan.

Duela urte batzuk Txotxongilo aisialdi taldea desagertu zenetik, Zaldibarko aisialdiko eskaintza Arrasateko Txatxilipurdi eta Durangoko Berbaro elkarteek kudeatu dute, eta talde horiekin elkarlanean aritzeko beharra nabarmendu du Txintxaur taldeak: “Elkarlanean aritzea ezinbestekoa da proiektuak aurrera egin dezan”, diote. Gainera, “Udalaren eta hezkuntza eragile guztien inplikazioaren eta konpromisoaren beharra ere”  azpimarratu dute.

Gizarte Integrazio zein Hezkuntza arloko ikasketak burutu dituzten dozena bat gazte dira Txintxaur taldean elkartu direnak. Irailean hasi ziren lanean, eta haurrentzako hainbat ekintza antolatu zituzten abenduko San Esteban egunerako. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!