Gazteen elkargune berria izan guran jaio da Txinurriak taldea

Anboto 2015ko urt. 23a, 09:36

Inauterietarako ekintzaren bat antolatzeko helburuz elkartu dira asteon, lehenengoz, Zaldibarko Txinurriak gazte taldekoak. Herriko lau kuadrillatako ordezkariak batu dira lehenengo batzar horretan. Eratu berria den talde horren epe laburreko helburu zehatza inauterietan mozorro jaitsiera antolatzea da. Gainera, inauterietan herria girotzeko karrozak egiteko asmoa ere badaukatela aurreratu dute, besteak beste. Hain zuzen ere, herria dinamizatzen laguntzea da Txinurriak taldearen helburuetako bat; hau da, ia elkar ezagutzen ez duten herriko gazteak harremanetan ipintzeko aitzakiak sortzea.


15 eta 25 urte arteko gazte zaldibartarrak elkartu dira Zaldibarko Txinurrien taldea sortzeko. Gazte talde edo kuadrilla bakoitza taberna batean edo bakoitza bere lokalean sakabanatuta egoten dela kontatu dute gazteek, eta gutxinaka joera hori aldatu gura dutela. Herriko gazte kuadrillak elkartu gura dituzte, gazteek elkar ezagutu dezaten, eta elkarrekin herria girotzeko ekimenak martxan ipini ditzaten. Horrela azaldu zuten, zapatuan, eskolako pilotalekuan egin zuten aurkezpen ekitaldian ere.

Gazte taldekoek esan dutenez, jende asko bildu zen zapatuko aurkezpen ekitaldi horretan, 50 lagun inguru. Duela hilabete, herritarrengan jakin-mina pizteko asmoz, moskeo kanpaina bat abiatu zuten: herrian zehar zabaldu zituzten taldearen ikur diren txinurrien irudiak, bestelako azalpenik eman barik. Eta, ondorioz, herrian agerturiko irudi horren atzean zer zegoen entzutera jende asko hurreratu zen zapatuan. Ekitaldi horretan, besteak beste, taldea aurkezteko gazteek eurek euren testigantzekin osaturiko aurkezpen bideoa ipini zuten ikusgai. Bestalde, aurkezpenera bertaratutakoen iritziak eta asmoak jasotzeko helburuagaz, proposamenen postontzia jarri zuten jendearen esku zapatuko ekitaldian.

Aurrerantzean, taldeagaz bat egiten dutenek adosturiko maiztasunagaz batzartzea izango da Zaldibarko taldearen helburua. Batzar horietan zehaztu gura dituzte ikasturte osoan antolatuko dituzten ekintzak zeintzuk izango diren. Aurreratu dutenez, gura duen edonork izango du liburutegi zaharrean egingo dituzten batzarreratara gerturatzeko aukera.

Ikasturte amaierara begira, bestalde, Gazte Eguna antolatzeko asmoa dutela ere azpimarratu dute taldekideek.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!