Acha-Orbea enpresaren 6 metro karratuko lursaila desjabetzea onartu du Udalak

Anboto 2014ko ira. 26a, 13:15

Euskal Herria kaleko kamioien trafikoa gutxitzea helburu duen saihesbidearen proiektuagaz aurrera jarraituz, Acha-Orbea enpresaren 6 metro karratuko lursaila desjabetzea onartu zuen Zaldibarko Udalak, atzo. Horrela, Foru kaletik igarotzen diren kamioiei leku gehiago emango diete biratzeko.

Saihesbidearen proiektuaren baldintzak publikatu, eta obrak ahal bezain pronto hastea da Bilduko gobernu taldearen asmoa.

Bildu eta PSE-EEko zazpi zinegotziek bozkatu zuten desjabetzagaz aurrera egitearen alde, kontra bozkatu zuen EAJk, eta abstenitu egin zen PP.

Desjabetzaren kontra bozkatu zuen EAJ alderdiaren bozeramaileak, Nerea Garitagoitiak, Inervol enpresak saihesbidearen proiektu horri aurkezturiko errekurtsoaren gaia mahaigaineratu zuen atzoko plenoan. "Zelan da posible proiektu horrek aurrera jarraitzea Inervol enpresak aurkeztu zuen errekurtsoa erantzun barik egonda?", galdetu zuen Garitagoitiak.

Enpresa horrek errekurtsoa forma egokirik barik eta epez kanpo aurkeztu zuela erantzun zuen Jose Andres Urizar Hirigintzako zinegotziak. "Proiektuan bertan jasota dago Inervoli bere jarduna ez diogula kaltetuko bermatzea; eurekin adostu beharko dugu enpresako kamioien sartu-irtenak eta bidegorriko zirkulazioa modu seguruan zelan egin".

Batzordeen ordua aldatzeko eskatu du Garitagoitiak

Nerea Garitagoitia EAJko zinegotziak udaleko batzordeak orduz aldatzeko eskaria egin zuen, bestalde, atzoko udalbatzarrean. Adierazi zuenez, udalean idatzi bat aurkeztua du azalduz lan kontuak direla-eta ezinezkoa duela arratsaldez udaleko batzordeetara joatea. "Zergatik ezin dira batzordeak goizez egin?", galdetu zuen Garitagoitiak.

"Legegintzaldi hasieran esan genuen, herritarren partaidetza errazteko ipiniko genituela batzordeak iluntzetan, eta horrela egiten jarraituko dugu" erantzun zion Arantza Baigorri alkateak: "Zuk arazoa baduzu ordutegiagaz, zeure partiduagaz konpondu beharko duzu".

Javier Tera PSE-EEko zinegotziak esan zuen, bere alderdiak ere hainbat aldiz planteatu izan duela udaleko batzarren ordutegiari buruzko gai hori: "Lehen bazegoez malgutasuna zinegotzion artean ordutegiak zehazteko, eta orain badirudi 19:00etan izan behar duela halabeharrez", esan zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!