Argiteria publikoan dirua eta energia aurrezteko azterketa egingo dute

Anboto 2014ko abu. 30a, 09:15

Herriko argiteria sistema eraginkorragoa zelan egin aztertuko duen enpresa hautatzeko prozesua dauka Zaldibarko Udalak esku artean. Hain zuzen, kontratazio horretarako baldintzak prestatzen dabiltzala azaldu du Arantza Baigorri alkateak. 

 

Enpresa aukeratuak Zaldibarko argiteria publikoan eraginkortasun ekonomikoa eta energetikoa zelan hobetu izango du aztergai. Egitasmo hori aurrera ateratzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen diru-laguntza eskatu du Zaldibarko Udalak.

Energia aurrezteko, Durangaldeko beste herri batzuetan egin duten bezala, kontsumo baxuagoko argiak erabiltzea izan daiteke neurrietako bat.

Bestalde, alde ekonomikoari dagokionez eta argindarrean daukan gastua merkatu guran, konpainiekin dauzkan kontratuen egoera aztertu du udalak. Arantza Baigorri alkateak azaldu duenez, hainbat aldaketa egin dituzte kontratuetan. Adierazi duenez, 20.000 euro inguru aurreztuko dituela Zaldibarko Udalak argiaren fakturan, egokitzapen horiek eginda.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!