Oier Garitagoitia, diseinatzailea: "Bezeroekin dugun harreman ona da gure ezaugarri nagusia"

Anboto 2014ko mai. 18a, 09:00
Oier Garitagoitia zaldibartarra 2010ean hasi zen moda diseinatzaile ikasketekin, eta orain dela hilabete gutxi bere marka sortu du. Garitagoitiak egiten dituen gehigarriak Madrilen inauguratu berri duen dendan daude eskuragai, eta, laster, baita bere webgunean ere.


Noiztik datorkizu moda gehiagarriak egiteko zaletasuna?
2010ean moda diseinatzaile ikasketak egitea erabaki nuen, eta Madrileko Goi Mailako Diseinu Eskolara joan nintzen ikasketak egitera. Madrilen berehala konturatu nintzen nirea gehiagarriak egitea zela, nahiago nuelako hori egin, arropak diseinatu baino.

Betitik izan duzu modarako grina?
Txikitatik izan dut arte diziplina askorekiko interesa, eta horietariko bat moda izan da.

Interes horregatik erabaki zenuen diseinu grafikoko ikasketak egitea?
Diseinuaren mundua gustuko nuenez, 20 urterekin Bartzelonara joan nintzen eta probatzea erabaki nuen. Diseinu grafikoko ikasketak egin nituen, eta aitortu behar dut horrek modaren eta osagarrien munduko atea ireki zidala.

Beraz, hartutako erabakiarekin gustura.
Moda disenatzaile ikasketak egiteko erabakia hartzea asko kostatu zitzaidan. Baina, gaur egun, oso pozik nago hartutako erabakiagaz. Hala ere, egia da moda mundua oso zaila dela, eta gauzak gaitz daudela.

Orain dela gutxitik, zure gehigarri marka daukazu. Nola bururatu zitzaizun ideia?
Lehengo urtean bukatu nituen moda disenatzaile ikasketak eta, orduan, lana topatzeari ekin nion. Baina zegoen egoera ikusita, eta bizi dugun krisi egoeraren ondorioz, gure aldetik zerbait egitea erabaki genuen. Eta, orain dela gutxi, gure markarekin hastea bururatu zitzaigun;  geldirik egotea ez da gurea eta.  

Sampedro markak bi jabe ditu.
Bi gara marka sortu dugunok. Ni naiz diseinatzailea eta piezak egiten dituena, baina gero datorren lan guztirako (showrrom delakoa, estilistak eta argazkiak, adibidez) Carlos Marreroren laguntza daukat.

Zergatik Sampedro?
Disenatzaile askok bere izen-abizenaz sortzen du bere marka, eta horrela disenatzailea bera bihurtzen da marka. Guk, berriz, garrantzi handiagoa ematen diogu gure lanari, gure proiektuak daukalako garrantzia eta ez atzean dagoen pertsonak. Hala ere, egia da Sampedro nire bigarren abizena dela.

Zein da zuen markaren ezaugarri nagusia?
Artisautza eta bezeroekiko dugun harreman estua da gure markaren ezaugarri nagusia. Pieza guztiak eskuz egiten ditugu, bezeroekin kolaboratuta; materialean, kolorean eta forman parte hartu dezakete, eta beraiei gehien gustatzen zaiena proposatu.

Eta zein da Sampedro markaren filosofia?
Gure markan garrantzia ematen diogu artisautzari eta bezeroekiko elkarlanari.

Zuen markak, besteekin alderatuta, badu berezitasunik?
Azken batean, gure produktuen berezitasun handiena produktu guztiak geuk egiten ditugula da.

Produktuei begiratuta, pertsonalak dira edo produktu berdin asko aurki ditzakegu?
Momentuz produktu gehienak pertsonalak dira, baina egin izan ditut produkzio txikiren batzuk.

Bestalde, osagarri hauek egiteko inspirazioa nondik datorkizu?
Egia esan, nire inspirazio iturri nagusiak bizi izandako esperientziak izaten dira. Baina, azken batean, edozein tokitan, edozein unetan eta edozein tokitatik etorri ahal zaizu. Bidaiak ere oso inspiragarriak izaten dira, edozein tokitan aurkitu ahal dugulako bilatzen gauden hori.

Marka garrantzitsuentzako kolaborazioak ere egiten dituzu, zer suposatzen du horrek zuretzat?
Azken batean, kolaborazio bakoitzak gauza berri bat jakiteko balio digu, hau da, kolaborazio bakoitza ikasketa bat izaten da. Eta ni beti nago prest gauza berriak egiteko.

Bukatzeko, zuen osagarriak erosi nahi dituenak, non dauka aukera horiek eskuratzeko?
Madrilen, Salitre kalean dugun showroomean eta, hemendik gutxira, gure webgunean (sampedroaccesories.com).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!