"Zaldibar moduko herri txiki batetik New Yorkera kristoren aldea dago"

Anboto 2012ko aza. 18a, 08:55
Dokumentalen bidez munduko errealitateak bere pertzepziotik kontatu gurako lituzke. Zaldibartik New Yorkera hegazkina hartu, eta hantxe dabil Aitor Mendilibar Mendi, Dokumentalen Zinematografia ikasten. Disorders taldeko kide izandakoak soinu bandak aukeratzerakoan buruari buelta asko ematen dizkiola azaldu du.

Dokumentalen bidez munduko errealitateak bere pertzepziotik kontatu gurako lituzke. Zaldibartik New Yorkera hegazkina hartu, eta hantxe dabil Aitor Mendilibar Mendi, Dokumentalen Zinematografia ikasten.  Disorders taldeko kide izandakoak soinu bandak aukeratzerakoan buruari buelta asko ematen dizkiola azaldu du.

 

Gustura bizi zara New Yorken?

Beste ikasle bigaz apartamentu batean bizi naiz, Brooklyn-en, langileen Bedford-Stuyvesant auzoan. Giro afroamerikar-jamaikarrean gustura, bertakoen hartu-emonak Manhattan-en edo New Yorkeko beste leku batzuetan baino askoz estuagoak dira. Bestalde, auzoan ez dago taberna askorik, eta garagardo batzuk hartzeko metroa hartu eta hiriko beste zonalde batzuetara joaten naiz.

 

Zelan joan zara, ba, haraino?

Ekainean amaitu nuen ikus-entzunezko bi urteko kurtsoa Gasteizen, eta asko disfrutatu dut bai klasean, bai  lagunekin egindako proiektuetan. Irakasle batek eskola honi buruz hitz egiterakoan, ikus-entzunezkoetan gehiago  sakontzeko aukera paregabea iruditu zitzaidan, eta bide batez ingelesa behingoz behar den moduan ikasteko aukera ere bai. Langabezian nengoen eta  Disorders taldeagaz ere amaitu genuen; beraz, bizitzak eskainitako aukera honi ezin ezetz esan.

 

New York eta zine eskola irudikatu zenituen modukoak dira?

Zaldibar moduko herri txiki batetik New Yorkera kristoren aldea dago baina espero baino arinago ohitu naiz. Adibidez, taxi, jatetxe eta tabernetan utzi beharreko eskupekoagaz pixka bat galduta ibili nintzen hasieran, baina segituan moldatzen zara. Eskolan gehien harritu nauena klasean jateko dagoen ohitura da; oso normala da ikasleek eta irakasleek bazkaltzea, meriendatzea edo kafea hartzea.

 

Noiztik zara zinezalea?

Betidanik gustatu zait zinea, baina esango nuke Gasteizen ikasten  egin nintzela benetako zinezalea. Zinemak osotasunean erakartzen nauen arren, nahiago ditut dokumentalak fikzioa baino. Munduan uneoro dabiltza gauzak pasatzen: kontatzea merezi duten istorio interesgarri piloa, bai eta salatu beharreko injustizia mordoa ere. Dokumentalek errealitate horiek nire pertzepzioagaz kontatzeko aukera paregabea emoten didate,  hedabide nagusien desinformazioaren alternatiba bezala.

 

Bideoklipak-eta egiten ibili izan zara Euskal Herrian...

Gasteizen kurtsoan ibilitako hiru zaldibartar elkartu ginen eta gure kabuz bideoak egiten hasi ginen. Horrela sortu zen Kredits Produktions. Disorders taldearen bideoklipagaz hasi ginen, eta ordutik aurrera hainbat bideo egin ditugu gure lagunen taldeentzako –Disorders, Sermond’s, Iheskide– eta hainbat elkarterentzako. Orain ere bagabiltza beste proiektu batzugaz, urrun egonda ere jarraitzen dugu lanak emoten. Gure lanak ikusgai daude gure youtube eta vimeo-ko kanaletan.

 

Musika arloan jardunda, soinu bandak garrantzitsuak izango dira zuretzat...

Pelikuletan, soinu banda ezaugarri garrantzitsuenetako bat da, batez ere sentimenduak transmititzeko. Pelikula bati soinu banda aldatuz gero, guztiz alda daiteke ikuslegoak jaso dezakeen mezua eta emozioa. Denbora dezente pasatzen dut filmeetarako musika aukeratzen, arrazoituz aukeratzen saiatzen naizelako, askotan desesperazio puntu bateraino. Ez zait batere erraza egiten.

 

Zelako beharrak egin gurako zenituzke etorkizunean?

Dokumentalak eta horrelako proiektuak sortzea gustatuko litzaidake, baina oso gaitza da.  Beste batzuentzako lan egitea ere gustatzen zait,  asko ikasten da, baina aukera edukiz gero, nire neure filmak sortzen ahaleginduko naiz. Ez daukat presarik. Kurtsoa abuztuan amaituko da eta gero AEBetan lanean beste urtebete geratzeko aukera emoten du eskolak. Momentuz, ez nabil horretan pentsatzen. Nahiago dut momentua bizi; etorriko da etorri beharrekoa.

 

Zelan bizi izan duzu Sandy urakana?

Beste leku batzuekin konparatuta, ez nuen sentitu ere egin. Auzoan zuhaitz batzuk eta pare bat pareta jausi ziren baina ez genuen argindarrik galdu eta ez zen uholderik egon. Metroa, ostera, itxita egon zen lauzpabost egunetan eta eskola astebetez egon zen itxita, argindar barik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!