"Pazientzia apur bat eduki behar da umeekin"

Anboto 2012-06-03 08:29   Akuilua  Zaldibar
Baloia saskira sartzea. Afizio horretan murgildu zen txikitan Jaione Mendilibar, eta gaur egun bera da umeen irakasle. Egindakoa eskertu diote ikasle eta gurasoek. Entrenatzaileen artean ezagunagoa da bere aita, Jose Luis Mendilibar. Alaba, profesionalekin ibili ez arren, arduratsua eta langilea da

Baloia saskira sartzea. Afizio horretan murgildu zen txikitan Jaione Mendilibar, eta gaur egun bera da umeen irakasle.  Egindakoa eskertu diote ikasle eta gurasoek. Entrenatzaileen artean ezagunagoa da bere aita, Jose Luis Mendilibar. Alaba, profesionalekin ibili ez arren, arduratsua eta langilea da.

 

Buesa Arenan izan zineten duela pare bat aste. Ikasleen erregaluagaz etorri zinen zu.

Eskolako guraso elkartekoek prestatu zuten bidaia. Umeen ilusioa zen bertara joatea. Gainera, partidua baino lehen eurek ere jolastu zuten kantxan. Autobus bi bete ziren. Gero, [Caja Laboral Baskoniaren] kamiseta jokalarien sinadurekin eman zidaten eta ilusio handia egin zidan. Detaile polita izan zen.

 

Noiztik zabiltza entrenatzaile minibasketean?

Iaz hasi nintzen, lagun bategaz. Bera aurten Donostiara joan da ikastera eta bakarrik geratu naiz. Umeak gustatzen zaizkit eta entrenatzea ere bai; beraz, ederto. Taldean ibiltzea asko gustatzen zait. Astean zehar entrenatzea, asteburuetan jokatzea...

 

Eta jolasten?

Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan-edo hasi nintzen jolasten. Iaz utzi nuen.

 

Batzuek uste dutena baino teknikoagoa da saskibaloia...

Ni oso-oso ona ere ez naiz e! (barrez) Baina tira, behintzat ahal nuena egiten nuen. Teknika gaitza da saskibaloian.

 

Zelan joan da aurtengo denboraldia?

Oso ondo. Iaz partidu dezente galtzen genituen, baina aurten pozik amaitu dugu. Liga bi eduki ditugu. Lehenengo ligan lehen postuan geratu ginen. Gero, hainbat ligatako lehen hiru sailkatuok beste liga bat egin dugu. Gaitzagoa izan da hau, baina oso ondo joan dela uste dut.

 

Eta emaitzetaz aparte zelan baloratzen duzu denboraldia?

Oso ondo ere bai. Tira, pazientzia apur bat eduki behar da umeekin. Egun batzuetan nekatzen zara. Baina, niri hauxe gustatzen zaidanez...

 

Ez da zeregin erraza umeen entrenatzailearena...

Errieta egin eta ipintzen dizute aurpegi bat...  Batzuetan ez dakizu pasatu egin zaren edo ez.

 

Zer behar du entrenatzaile batek?

Lehenengo eta behin umeak gustatu behar zaizkizu. Gauza bat da entrenatzea, baina umeekin ere konpondu behar duzu. Pazientzia handia eta erakusteko gogoa ere derrigorrak dira. Entrenamenduak etxetik prestatuta eroatea ere bai, nire ustez.

 

Diozu gustura ibiltzen zarela entrenatzen. Zer ematen dizu halako esperientzia batek?

Eurekin, umeekin egoten ere ikasten duzu. Kaletik ikustea eta eurekin jolastea eta halako gauzak... Gainera, pila bat deskonektatzen duzu; etxean azterketetarako ikasten zaudenean, adibidez.

 

Zure aita futbol  entrenatzailea da Osasuna  taldean. Ematen dizu aholkurik?

Ez! (barrez). Bera futbolean dabil eta ni saskibaloian. Baina, entrenamenduak prestatuta eroateko esaten dit. Umeek, zu ere gogoagaz zaudela jakin behar dutela. Eurek ikusteko inplikatuta zaudela entrenamendu eta partiduetan.

 

Gescrap Bizkaia taldea indartsu dabil  azken boladan. Zein talderen jarraitzaile zara?

Bilbokoa ere gustatzen zait, baina, txikitatik gehiago gustatu izan zait Baskonia.

 

Eta denetatik zein jokalari duzu gustuko?

Caja Laboraletik Prigioni, Teletovic... Gescrapetik Banic. denbora asko egon da Bilbon, eta gustatzen zait zelan jokatzen duen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa