Udalak berriztagarriak diren iturrietatik jasoko du argindarra

Joseba Derteano 2017ko ots. 21a, 11:00

Otxandioko Udalak energia berriztagarrien aldeko pausu bat eman zuen azken udalbatzarrean. EH Bilduk (Gobernu Taldea) eta EAJk energia mota horiek sustatzen dituen Udalx100berriztagarri izeneko plataformari atxikimendua erakustea onartu zuten, aho batez. Horregaz batera beste erabaki bat hartu zuten: udalak kontratatutako argindar guztia iturri berriztagarrietatik datorrela bermatuko duen prozesuari hasiera ematea.

“Otxandion argindar gehien kontsumitzen duenetakoa da udala. Beraz, energia berriztagarriak bultzatzeko eman dezakegun pausorik eraginkorrena onartutako bide hori hastea dela uste dugu”, adierazi zuen Urtzi Armendariz alkateak. Bide horregaz “bat datozela” adierazi zuen udalbatzarrean
EAJko Beñat Gorospe zinegotziak ere.

Horrela, orain egoera aztertzeari eta baldintza orriak idazteari ekingo diote, ondoren batzordeetan aztertu eta udalbatzarrera eramateko.

Atxikimendua jasotako Udalx100berriztagarri plataformaren helburua energia berriztagarrien kontratazio publikoa sustatzea da, besteak beste. Askotariko sindikatu (ELA, LAB, CCOO; EHNE…), erakunde eta mugimenduren atxikimendua jaso du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!