Otxandiotik Oletarako espaloia egiten hasteko 315.000 euro gorde dituzte aurrekontuetan

Anboto 2017ko urt. 31a, 08:30

Hainbat urtetan gauzatuko den proiektua izango da. Aurten Arrabalgo zubitik hasi eta Aulasa enpresara arteko zatia, gutxienez, osatzea gura du Udalak, tarte horretan dabiltzan oinezkoen segurtasuna bermatzeko.

Joan zen egueneko udalbatzarrean 2017ko aurrekontuak aho batez onartu zituzten EH Bilduk (Gobernu Taldea) eta EAJk. 2.251.000 eurotan parekatu dituzte sarrera-gastuak. Aurtengo proiektu nagusia Otxandiotik Oletara arteko espaloia (hiru kilometro) egiten hastea izango da. Errepidearen alde batetik doan espaloia izango litzateke, Otxandiotik Oletarako norabidean ezkerraldetik, hain zuzen. 315.000 euro gorde dituzte helburu horretarako. Otxandiotik Oletara arteko espaloia egitea oletarrek zein hango administrazio batzordeak azken urteetan eskatu izan duten eskaera dela argitu du Urtzi Armendariz alkateak.

Lehenengo fasea Arrabaleko zubian hasi eta Etxebarriko baserrian amaitzen da (600 bat metro). Lehen fase hori hiru zatitan banatu dute: Zubitik Ausalan enpresa hasierara artekoa, enpresa hasieratik amaierara doana eta puntu horretatik Etxebarri baserrira heltzen den zatia. Aurrekontuetan gordetako 315.000 euro horiek lehenengo zati bietarako dira. Hirugarrena Aldundiko edo bestelako erakundeetako diru-laguntzen menpe dago.

Espaloia joango den bidearen jabetza Aldundiarena da. Horregatik, udalak bilatzen duena da Aldundiak bide horren eskumena eurei uztea, modu horretarako proiektua aurrera eraman ahal izateko kudeaketa errazten dela uste dutelako. Beraz, Aldundiaren erantzunaren baitan ere badago proiektua aurrera eramateko denbora. “Espaloiagaz aurten hastea espero dugu”, adierazi du Urtzi Armendariz alkateak eta “pozik geundeke aurten Ausalan enpresara heltzen den zatia egitea lortuko bagenu”. Enpresa horretarako espaloia egin gura dute tarte horretan “susto dezente” egon izan direlako oinezkoen eta autoen artean.

Oletara arteko espaloiagaz batera, espaloi horren azpitik askotariko azpiegiturak sartu gura dituzte. Alde batetik, gaur egun ez dauden fibra, ur-hornidura eta saneamendu hodieriak sartu gura dituzte enpresetara. Epe luzeagora begira, Oletara arteko espaloiaren azpitik, ur-zikinen hodieria sartu gura dute, Oletako ur zikinak Otxandioko sare nagusira lotzeko.

Bestelako inbertsioak

Beste hainbat proiektutarako diru-atalak ere sortu dituzte aurtengo aurrekontuetan. Honako hauek dira horietako batzuk:

- 95.000 euro eskola eremuko obretarako.

- 78.000 euro kaleko argiteria ‘led’ bidezkoa sistemara aldatzeko.

- 45.000 euro hondakinen kudeaketari begirako proiektuetarako.

- 32.000 euro errementarien eskultura joango den lur zatia prestatzeko.

- 16.000 euro kanposantuko obretarako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!