Eskolarako bidean oinezkoek duten tokia birplanteatuko dute

Joseba Derteano 2017ko ots. 1a, 08:59
Frontoi pareko eremua itxi eta jolasgune moduan berreskuratu dute Gabonetan egindako lanen ostean.

Mainondoko eskolara joateko bide zati batean —autobus geltokitik jolasleku berrira arteko metroetan— autoek eta oinezkoek bide bera partekatzen dute. Batez ere, goizetako trafikoa traba bihurtzen da eskolara oinez joan gura dutenentzat.

Horregatik, bide zati horren erabilera birplanteatzen ari dira. Oinezkoei lehentasun handiagoa eman edo ez, eta hori zelan gauzatu erabakiko dute datorren ikasturtera begira.

“Alternatiba batzuk ikusten” ari direla onartu du Urtzi Armendariz alkateak. Oinezkoek lehentasuna izango luketen errepide mistoa izan daiteke aukera bat. Aukera bat baino ez dela, eta irtenbidea “hainbat eragilegaz landu eta zehaztu” behar dutela azaldu du. “Ikasleekin, gurasoekin, irakasleekin… landu beharreko gaia. Ea denon artean irtenbide bat adosten dugun”, adierazi du.

Prozesu honetatik erabakitzen dutena 2017/18 ikasturtea hasi aurretik gauzatzea da helburua.

Jolasgunea itxi dute
Gabonetako oporretan eskola ondoko eta frontoiaren pareko gunea itxi eta jolasgune lez berreskuratu dute. Ordura arte, hainbat autok barruan aparkatzen zuten eta sarritan ezin zen jolasgune lez erabili. Orain haurrentzako jolasleku berri bat egokitu dute, eta itxitura lana egiten du. Barruan saskibaloia  jokatzeko saskiak daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!