16.000 euroko isuna jarri diote udalari errekara ur zikina botatzeagatik

Anboto 2017ko urt. 20a, 12:00

Uraren Euskal Agentziak (URA) 16.000 euroko isuna jarri dio Otxandioko Udalari. Iazko udan Zelaieta auzoan dagoen ur zikinen araztegiak “pare bat matxura” izan zituen, Urtzi Armendariz alkatearen esanetan, eta horren ondorioz ur zikina isuri zuten errekara.

Arazo horiek konponduta daudela adierazi du alkateak. Hala ere, araztegiarena azken urteetan udalaren agendan dagoen gaia da. Araztegi “zaharra” da, eta, gainera, erreka  ondo-ondoan egoteak arazoak sortzen ditu. Alde batetik, euri asko egiten duenetan “ingurua urak hartzen du”. Bestetik, erreka araztegi inguruko lurra jaten ari da apurka, eta “hondoratzeko arriskua” ere hor dago.

Udalak “urteak” daramatza Aldundiko eta Jaurlaritzako ingurumen sailagaz zein URA agentziagaz “araztegi berri bat egiteko alternatiba bila”, dio Armendarizek, eta bide horretan jarraitzeko asmoa dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!