Goi mailako aizkolarien lehia antolatu dute domekako azokan

Joseba Derteano 2016ko abe. 8a, 11:30
Iñaki Azurmendi Euskal Herriko txapelketan. Argazkia: Gerardo Bengoa

Kementsu elkarteak baserriko eta artisautzako produktuen azoka antolatuko du domeka honetan. Azokaren harira, goi mailako herri kirol eskaintza ere prestatuko dute, Urrezko Aizkora Kopako finalerdia, esaterako.

12:30etik aurrera, Joseba Otaegi zizurkildarrak eta Iñaki Azurmendi arriarandarrak kanaerdiko hamabi enbor ebaki beharko dituzte. Irabazlea Gabonzahar egunez Asteasun jokatuko den finalera sailkatuko da. Euskal Herriko txapeldunordea den Otaegi da finalera sailkatzeko faborito, baina apustuak pare-parean daude.

Aizkolarien aurretik, 12:00etan, Gabonetako Harrijasotzaile Kopako finalerdia jokatuko dute Jokin Eizmendi zarauztarrak eta Hodei Iruretagoiena Izeta IVa aiarrak. 150 kiloko laukizuzena, 113 kiloko kubikoa eta 100 kiloko borobilagaz minutu biko saioak egingo dituzte.

Azokari dagokionez, mota guztietako 45 postu (gazta, ortuariak, eztia, pateak, txerrikiak, pastelak…) jarriko dituzte plazan goiz osoan zehar. Taloagaz egindako ogitartekoak jateko aukera ere egongo da. Horrez gainera, aurten umeei zuzenduriko tailer batzuk egingo dituzte, baserriko produktuen balioak transmititzeko helburuagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!