Otxandioko 125 familia batu dira auzo konposta egiteko ekimenera

Joseba Derteano 2016ko urr. 27a, 09:30

Hondakin organikoekin auzolanean konposta egiteko sei gune martxan izango dira 15 bat egunen barruan. Orduan, Otxandioko 125 bat familia  ibiliko dira auzo konposta egiteko ekimenean, 22-25 bat familia gune bakoitzeko.

Letxerienako lehenengo konpost gunean izandako harrera onak animatu ditu Herri-olako Zero Zabor batzordeko kideak beste bost gune ahalbidetzera. Horietako bi orain pare bat astetik martxan daude: Maiñerrotakoa eta Elizabarrikoa. Gainerako hirurak datozen bi asteetan jarriko dituzte abian: Elizosten, Basogain eta eskolan. Azken hori jantokiko hondakinak birziklatzeko erabiliko dute, eta baita ikasleen artean pedagogia egiteko ere.

Kalitatezko konposta
Konpost-gaia lau-bost hilabetez konspost gunean egon ostean, ondoko beste edukiontzi batera aldatzen dute, eta beste hilabete bi inguru behar izaten da erabilgarri egoteko. Letxerienako konpostaren kalitatea zer nolakoa den jakiteko, lagin bat aztertzera bidali dute, eta “emaitzaren arabera, kalitaterik oneneko konposta da”, Zero Zaborreko kide eta udaleko zinegotzi den Juan Mari Otxandianok azaldu duenez. Aldiro, azterketak egiten jarraituko dute. Auzo konposteko partaideek lehentasuna dute konposta erabiltzeko, eta, sobratzen bada, “herritarren zerrenda luze bat zain dago”, Otxandianoren esanetan.

Orbela batu eta erabili
Udazkena da, eta Elizoste inguruan dagoen parkeko zuhaitzak hostorik barik daude. Baina orbela ez dago lurrean barreiatuta. Parkearen erdian eta lau hesiren barruan pilatuta dago. Laster xehatu, eta konpostari nahastu ohi zaion material lehor moduan erabiliko dute. Datorren urteari begira, xehaketa errazteko, makina birrintzaile bat erosi gura dute.

Teknikaria etxerik etxe
Otxandioko hainbat lagun autokonposta egiten dabil. Horretarako materiala udalean jaso eta etxean norbere kontura egitea da autokonpostaren helburua. “Baina beti sortzen dira dudak, eta komenigarria da jarraipen bat egitea”. Horregatik, datorren astetik aurrera, gaian aditua den teknikari bat autokonposta egiten dabiltzanen etxe denetara joango da dudak argitu eta argibideak ematera.

5. edukiontzia
Bosgarren edukiontzia jartzeko asmoak harrera hotza izan du, momentuz. Interes maila jakiteko abiatutako kanpainari herritar batek baino ez dio erantzun. Bost edukiontzi erosita dituzte, eta, aurrera begira, arlo honi bultzada berri bat emateko asmoa erakutsi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!