“Euskaldunengandik duten duintasun hori da gehien gustatzen zaidana”

Aitziber Basauri 2016ko urr. 24a, 09:30
Alessandro Ruta (Italia, 1982) kirol kazetaria eta idazlea

‘Amatriciana’ solidarioa izan dute Otxandion, Italia erdialdea astindu zuen lurrikaran kaltetuei laguntzeko. Hori antolatzen aritu da Alessandro Ruta, ofizioz kirol kazetaria den milandarra. Kirolari lotutako hiru liburu ere idatzi ditu.

Nola joan zen ‘Amatriciana’ solidarioa?
Uste ez nuen arrakasta izan du. Athletic eta Realaren arteko derbia eta Durangoko biharamuna tarteko... Ostera, 443,10 euro batu ditugu. 500 gramo gelditu ziren zazpi kilo espagetitik.   

Pozik erantzunagaz, beraz.
Bai! 60-70 pertsonek hartu zuten 2,50 euroko errazioa. Beste askok diruz lagundu dute. Italiako erdialdea astindu zuen lurrikararen albisteagaz esnatu nintzen goiz hartan, hauxe esan nuen: Cazzo, ancora! (arraioa, berriz ere!). Ehunka hildako eragindako lurrikara asko sufritzen ditu Italiak, beti inguru berean. 2009an, L’Aquilan gertatu zen, Amatricetik gertu.

Horregatik erabilitako saltsa.
Bai. Etxean egindako tomatea, ondutako txerri-masaila, ardi-gazta birrindua, olioa eta piperbeltz beltza. Horrexek osagaiak. Sekretua piperbeltza, eztarria zabaltzen du eta. Edateko, berriz, onena, Italiako Montepulciano ardoa. Guk bertako produktuekin ‘amatriciana’ berezia egin genuen.

Zer egiten du italiar batek Otxandion?
Euskara ikasi, lehenengo eta behin. Etxetik lan egiten dut, eta Vulcano futbol taldeko 2. entrenatzailea naiz. Horrek asko lagundu dit integratzen. Iazko irailean etorri nintzen, baina, udaro etorri naiz, zazpi urtean.

Zaila da euskara ikastea?
Ezinezkoa, hizkuntzagatik baino, euskalkiengatik. Italiera, ingelesa, frantsesa eta gaztelania dakizkit, eta aleman apur bat. Euskara bakarra delako da zaila, baina, kalean asko ikasi dut. Esango nuke %80 ulertzen dudala. Hitz egin... era italiarrean’.  

Maitasunak ekarri zaitu?
Bai. Baina aurretik ezagutzen nuen Euskal Herria. Hemengo historiak beti erakarri nau. Ez naiz etorri  ‘ipurdia agerian’. Ondo nekien nora nentorren. Baina, Jaione ezagutzean jakin nuen inoiz etorriko ginela. Zorionez, badaude hegaldiak!  

Herrimina duzu?
Ez! Egunen batean... Milan oso hiri kutxatua, estresagarria da; 1.300.000  biztanle ditu. Otxandiok 1.013. Hau bai bada ‘bizimoduz aldatzea’, eta ez Milanetik Madrilera joatea, adibidez.

Zerk deitu dizu atentzioa?
Historiaren zale amorratua naiz, eta asko irakurri dut. Hemen izan zen gerra zibilari buruz ere bai. Otxandiok sufritu zuena jakiteak, historia zatiak ukitzeko aukerak deitu dit atentzioa. Bonbardaketaren 80. urteurrena ere oso gogorra izan zen. Euskaldunengandik duten duintasun hori da gehien gustatzen zaidana. Italiako leku batzuetan ikusten ditut ezaugarri horiek: Sardinian edo Friulin.  Gainera, ez da erraza euskaldunak lehenengoan ezagutzea.

Hala uste duzu?
Bai, hesi hori apurtu egin behar da. Milan hiri oso berekoia da. Hemen ez da horrela. Adibidez, jaietan: denen artean antolatzen da, garbitzen da... Milanen hitz magikoa da delegatzea.

Pasta egiten badakigu?
Ez. Italian dioten moduan pasta on bat egiteko sekretua pasta da. Eta hemengoa...

Italiarrei buruzko topikoak egia dira?
Bai! Espektakulua egitekoa, eskuzabala eta oso berbatia. Horiek dira italiarraren banatu ezinezko ezaugarriak. Ez dira inoiz garaiz iristen, eta lana azken unera arte atzeratzen dute. Apur bat arraroa naiz ni: ez zait-eta kafea gustatzen, eta nahiko lasaia naiz. Dena den, italiarra lagun taldeagaz da italiar, bestelakoa da bakarrik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!