Italiako lurrikaran kaltetuei laguntzeko bazkaria, etzi

Anboto 2016ko urr. 14a, 10:15

Abuztuaren 24an lurrikara suntsikor batek astindu zuen Italia erdialdea. Amatrice izan zen ondoriorik larrienetakoak jasan zituen herria, 200 hildako baino gehiagogaz. Herria txikituta geratu zen, eta herritar askok kanpamentuetan ebakuaturik darraite oraindik. Domeka honetan, kaltetuei laguntzeko bazkari solidarioa izango da, Otxandion bizi den Allessandro Ruta italiarraren ekimenez.

Ruta ez da lurrikara gertatu zen ingurukoa — 800 km-ra dagoen Milanetik etorri zen Otxandiora— baina jazoera latz hark “barrua irauli” ziola azaldu du. Horregatik, bere ekimenez, eta Herri-olako Alkarregaz prozesuagaz batera, bazkari solidarioa antolatuko du domekan, 12:30etik aurrera, Otxandioko plazan. Amatriciana izeneko saltsagaz prestaturiko espagetiak gertatuko dituzte: “Mundu osoan ezaguna den saltsa da”, dio Rutak. Osagaiak herriko taberna eta denda guztien ekarpenari esker lortu dituzte. Bazkaritik jasotako dirua Italiako Gurutze Gorriak hondamendian kaltetutakoei laguntzeko zabaldutako kontu korrontean sartuko dute, Otxandioko herritarren izenean.

Ametrice ingurua eta lurrikaren ondorioak ezagutara emateko azalpenak ere emango ditu Alessandro Rutak, beren beregi horretarako prestatutako materialaren laguntzagaz. Bazkarian, Italiako zonalde hartako hainbat abesti kantatuko ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!