Otxandioko bonbardaketaren aztarnak jardunaldien abiapuntu

Anboto 2016ko ira. 26a, 10:40
Andikona plazako bonbardaketan 61 pertsona hil zituzten.

Etxetik kanpo leloarekin, migrazioa eta kultura-ondarea izango dira aurtengo Europako Ondarearen Jardunaldian antolatutako ekintzen oinarria. Durangaldean oinez egiteko ibilbideak diseinatu dituzte. “Herrietako lekuak bisitatzeko aukera izateaz gain, leku horietako historia eta istorioak ezagutzera emateko erabiliko dugu”, azaldu dute antolatzaileek.

Gainera, leku bakoitzeko historiagaz lotura duten pertsonaiak ere ibilbideetako protagonista bihurtuko dituzte. Otxandio, Garai, Iurrreta, Izurtza, Mañaria, Berriz, Zaldibar eta Elorrioko udalek parte hartu dute Gerediaga Elkarteak koordinatutako egitarauan.

Otxandion abiatuko da Europako Ondarearen Jardunaldietako lehenengo ekimena. Urriaren 2an, bonbardaketaren aztarnak  jarraituko dituzte. Otxandiokoa Euskal Herrian aurrez egindako lehen bonbardaketa izan zen. Andikona Plazan, jaietan zirela, gerra abioi faxistek 61 lagun hil zituzten orain 80 urte. Otxandioko hiribilduan zehar egingo den ibilbidean gertakari tragiko hartako istorioak eta erasoak utzitako aztarnak ezagutzeko aukera izango da.

Urriaren 15etik 23ra bitartean, Elorrioko jauregietako lorategietatik paseoan ibiltzeko proposamena egin dute. “Lorategiak eurak kultura, estiloa, garaia eta hainbatetan arte sortzailearen originaltasuna erakusten duen sorkuntza lan modura ulertzeko aukera ematen dio bisitariari”.

Izurtza eta Mañaria ezagutzeko aukera izango da urriaren 22an. Ibilbide honetan idazle bi nabarmentzen dira. Nikolas Alzola Gerediaga Bitaño eta Evaristo Bustintza Kirikiño. Iurreta eta Garai lotzen dituen ibilbidea urriaren 23an eta 29an egiteko aukera izango da. XVII. mendeko baserriko elementu arkitektonikoak ikusteaz gain, Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuan aipatzen den Hilarion Sarrionandia frantziskotarra edota Maria del Carmen de Gurtubay y Alzola Iurretako lehen markesa izendatu zutenaren istorioak ezagutuko dituzte.

Zaldibartik Berrizera joanez, pertsonaia esanguratsuak ezagutaraziko dituzte urriaren 29an eta 30ean. Zaldibarko leinu arteko protagonistak, bainuetxera etorritako bisitari ilustreak, Victor Garitaonandia Argia astekariaren sortzailea, Margarita Maturana Berrizko Mesedeetako Misiolarien sortzailea eta beste hainbat. (Izen-ematea: 673 005 981)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!