Artisau-garagardoaren azoka egingo dute zapatuan

Anboto 2016ko ira. 22a, 09:26

Artisau-garagardoa egiten duten hainbat ekoizle bertatik bertara ezagutzeko eta euren garagardoa dastatzeko aukera egongo da zapatuan Otxandioko plazan. Taberna izeneko tabernak eta garagardo banatzaile batek Artisau-Garagardo Azoka antolatuko dute, lehenengoz, bost ekoizlegaz.

Eredu industrialetik irten eta garagardoa artisau eran ekoizten hasi diren proiektu berriak ugaritu egin dira azken lau-bost urteetan, eta horientzat denentzat erakusleiho izan gura du azokak.

Sondika, Gordexola, Gasteiz, Bilbo eta Medina del Pomar-eko (Burgos) ekoizle banak euren postua izango dute. Bisitariak eurei buruz gehiago jakiteko zein garagardoa probatzeko aukera izango du.

Parrillada eta kale animazioa
12:00 aldera hasita, iluntzera arte antolatuko dute azoka. Bertan bazkaltzeko aukera ere egongo da, han inguruan parrillada bat egingo dutelako. Arratsalde osorako kale animazioa prestatu dute. Iluntzean DJ Lander Ground-en musikak emango dio errematea egunari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!