Lanak ia amaituta, normaltasunez hasiko dituzte klaseak eskolan

Anboto 2016ko ira. 6a, 12:50
Langileak eskolako fatxadan lanean, pasadan asteko eguazten arratsaldean.

Mainondo eskolako ikasturte berria eguenean hasiko da. Eskola paretik igarotzen denak eskolaurrea hesiturik eta materialez pilatuta aurkituko du, oraindik fatxadan egiten ari diren lanen ondorioz. Baina udal ordezkarien arabera, eguenerako egongo da guztia: “Erremate txikiren bat gelditu liteke, baina, orokorrean, amaituta egongo da”. Beraz, normaltasunez hasi ahal izango dituzte klaseak.

Lanen barruan, Mainondon dagoen eskolari estalki berezi bat jarri diote, energetikoki eraginkorragoa izan dadin, eta leihoak ere aldatu dituzte. Kanpoaldea hainbat berde tonu erakusten dituen material bategaz jantzi dute.

Eskolak logotipo berria izango du ikasturte honetatik aurrera, eta irudi hori sarrerako fatxadan ikusi ahalko da. Hiru metroko luzera eta beste hainbesteko zabalera duen metalezko xafla batean landurik jarriko dute. Maiatzean logotipo berrirako proposamenak jasotzeko eskolatik egindako deialdiak ez zuen arrakastarik izan. Ondorioz, udaletik kudeatu duten gaia izan da.

Sukaldeko lanak
Eskolako sukaldeko lanak ere amaituta daude. Neguan udalak gas azpiegiturak egin zituen. Ondoren, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sutegi berriak jarri zituen fatxadako lanak hasi aurretik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!