Beti-betiko herri kantak kantuzaleen ahotan entzuteko aukera domekan

Anboto 2016ko uzt. 8a, 14:00

Otxandio kantuzaleen topagune bihurtuko da domekako VI. Herri Kanta Egunean. Beti-betiko klasiko ezagunak zein Otxandion bertan kantatzen zirenak, bietarik entzuteko aukera egongo da Euskal Herriko hainbat herritatik etorriko diren kantuzaleen ahotik. Otxandion, bertako eta Durangaldeko kantuzaleez gainera, Arrasate, Aretxabaleta, Eibar, Algorta, Bilbo, Elgoibar eta beste hainbat tokitakoak batuko dira. Guztira, 200 bat lagunek kantu-kantari girotuko dituzte herriko kaleak, 12:30etik bazkalordura arte.

Emili Donadok bere sasoian liburu bitan batutako kantuetako batzuk eskainiko dituzte. Horietako hainbat, erdiak inguru, tradizioz Otxandion kantatu izan direnak dira: “Kanpoko jendearentzat ez dira hain ezagunak, baina gustatzen zaizkie tokiko kantak, eta gustura kantatzen dituzte”, dio Txomin Bengoa ekimeneko antolatzaileetako batek. Ondoren, 15:00 aldera, Pasealekuan batuko dira bazkaritara. Bazkalostea kantuan eta dantzan emango dute berriro. Soinubil elkartea da kanta eguneko antolatzailea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!