Bost batzar ireki zabor kudeaketan dauden aukerak zabaltzeko

Anboto 2016ko eka. 28a, 13:30

Herri-Ola herrigintza egitasmoko Zero Zabor taldeak zaborraren kudeaketaren inguruan kanpaina bat diseinatu eta abiatu du. Kanpaina horren barruan, herritarren kontzientziazioan eragin gura dute; bultzatzen ari diren zabor kudeaketa ereduari zein gaur egun arlo horretan dauden aukerei (Auto konposta, auzo konposta…) buruz informatzea ere badute helburu. Horretarako, hainbat herri edo auzo-batzar egingo dituzte aste honetan.

Ekainaren 29tik uztailaren 1era bost batzar egongo dira. Bihar, 18:30ean, Errementari plazan batuko dira, eta 20:00etan Andikona plazan. Eguenean, 18:30ean, Mekoletako auzotarrekin batuko dira Arkotxe soziedadean; handik Otxandioko Gaztetxera joango dira, 20:00etan bigarren batzar bati ekiteko. Azkenik, uztailaren 1ean, batzar bakarra egingo dute: 18:30ean, San Antonio auzoan.

Zabor organikoa kudeatzeko bosgarren kontainerra jartzea da beste helburuetako bat. Hori egiteko, zenbat jende dagoen interesatuta jakin behar dute lehenengo; horren arabera erabakiko dute kontainerrak non kokatu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!