Eskolako fatxadari estalki berria jarriko diote energia aurrezteko

Anboto 2016ko mai. 26a, 08:59

Efizientzia energetikoa hobetzeko helburuz, hainbat lan burutuko dituzte Otxandioko eskolan. Lanak uztailean hastea aurreikusten dute, irail hasieran amaituta egon daitezen.

Azken udalbatzarrean aho batez onartu zuten proiektua. Lanen barruan, Mainondon dagoen eskolari estalki berezi bat jarriko diote energetikoki eraginkorragoa izan dadin, eta leihoak ere aldatuko dituzte. Lan horietan adituak diren enpresei euren proposamenak bidaltzeko gonbita egingo die udalak. Maiatz amaieran eskaintza denak aztertzea eta ekain hasieran lanak esleitzea da asmoa, hil horren amaieran edo uztail hasieran lanean hasi daitezen.

Udalak 194.000 euroko diru atala gorde du proiektua gauzatzeko. Kopuru horren barruan aurkeztu beharko dituzte eskaintzak. Hala ere, Urtzi Armendariz alkateak zehaztu zuenez, “ez gabiltza derrigor proposamen merkeenaren bila, eskaintza onenaren bila baizik”. Horrela, proiektuan jasotakoaz gainera, gehitutako hobekuntzak (ateak aldatzea, inguruko hormak konpontzea…) oso aintzat hartuko dituzte lanak nori esleitu erabakitzerako orduan: “Horrelako hobekuntzak prezioa jaistea baino gehiago baloratuko ditugu”. Horrekin batera, “epeekin oso zorrotzak” izango dira, klaseak hasten direnerako dena amaituta egon dadin.

Diseinua eskolak
Eskolako fatxadako estalki berria zelan pertsonalizatu (pintura kolorean, eskolaren logoa…) erabakitzerako orduan, prozesu “ahalik eta parte-hartzaileena”izaten saiatu dira. Horregatik, eskolakoei iritzia eskatu eta diseinua erabakitzeko aukera eskaini diete. Eskolako arduradunak bide horretan lanean dabiltzala azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!