Mikel Goikolea: "Makailaua pil-pilean eta amak egindako karakolak ditut gustuko"

Anboto 2015ko aza. 22a, 10:00

Eneko Atxaren Azurmendi jatetxeko Bistró Prêt à Porter espazioko sukaldariburua da Mikel Goikolea (Otxandio, 1989). 21 urtegaz hasi zen erreferente nagusi duen sukaldariagaz praktikak egiten. Jateko kontuetan ez dago gustatzen ez zaion ezer, oso jatun ona dela dio.


Hiru Mitxelin izar dituen, eta Opinionated About Diving-en arabera 2015eko Europako jatetxe onena den Azurmendi jatetxean ari zara lanean. Presio handia sortzen du horrek?
Bai, bueno… presioa beti egoten da, eta hori ona ere izan daiteke, gu geu ere garatzen joateko eta hobetzen joateko.

Noiz hasi zinen Azurmendin?
Oso gazte hasi nintzen, 21 urtegaz. Praktikak egiten hasi nintzen, eta, astiro-astiro, garrantzia hartu nuen, orain nagoen tokira heldu arte: Bistró Prêt à Porterreko sukaldariburu naiz. Aurretik, Manolo de la Osaren jatetxean (Cuenca) ere egin nituen praktikak. Sukaldari handia hura ere; asko ikasi nuen harengandik ere. Handik etorri nintzen Azurmendira.

Ez da gutxi, 26 urtegaz!
Bai! Oraindik urte asko ditut aurretik lan egiteko (barrez).

Nolakoa da Eneko Atxaren mailako sukaldariagaz lan egitea?
Sukaldaritza munduan dena izan da niretzat Eneko Atxa. Dakidan guztia erakutsi dit berak: kozinatzen, disziplina izaten, lan egiten… Berak trebatu nau, eta berari eskertu behar diot dakidan guztia.

Beti gustatu zaizu sukaldaritza?
Bai, txikitatik. Izekok beti izan du jatetxea, eta sukaldari izateak betidanik egin dit zirrara.

Zeintzuk dituzu erreferente?
Bertan dut nagusia: Eneko Atxa bera. Horrez gain, gastronomiak duen garrantzia ikusita… asko! Hilario Arbelaitzen jarraitzaile sutsua naiz.

Zein iritzi duzu MasterChef eta antzeko programez? Modan dago sukaldaritza…
Batzuetan uste dut garrantzi larregi ematen zaiola, baina, sukaldaritza modan dagoela ematen du, eta, zergatik ez? Sukaldaria naiz, eta horrek halako garrantzia hartzeak mesede ere egin diezadake.

Jateko kontuetan, zeri ez zenioke inoiz ezetzik esango?
Oso jatun ona naiz, eta dena gustatzen zait! Makailaua pil-pilean edo etxean amak egindako karakolak asko gustatzen zaizkit (barrez).

Badago gustatzen ez zaizun ezer?
Ez! Oso jatun ona naiz.

Intsektuak jateko araudia onartu dute. Munduko biztanleriaren laurdenak jaten ditu, baina, hemen prest gaude horretarako?
Ohitura kontua da. Ni dena jatekoa naiz; jaten dela esanez gero... Baina, norberak ikusi behar du prest dagoen ala ez, bakoitzaren kultura eta ohituren araberakoa da.

Zer da euskal sukaldaritza berria deritzon hori?
Apur bat moda kontua ere bada. Hala ere, gure herrialdeari indarra ematen diolakoan nago. Ondo baloratuta dago gure sukaldaritza, eta gauzak ondo egiten direla erakusten du; egindako lana gustuko du jendeak. Erreferente garrantzitsua dela uste dut.

Zer du Euskal Herriak horrenbeste eta horren maila handiko sukaldariak sortzeko?
Galdera ona, ez dakit! Dugun klimagatik-edo produktu onak ditugu eskura, eta hortik gauza onak sortzen dira. Beti esan dut plater on bat sortzeko, produktua oso garrantzitsua dela. Izan daiteke hori izatea arrazoietariko bat, ez dakit. Baita nahiko jatun onak garela ere!

Zein da ondo kozinatzeko sekretua?
Denbora hartu behar da. Gauzak gogoagaz, maitasunez, eta ondo egitea. Etxean amamak  egiten zuen moduan (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!