Lutxi Urigoitiaren oroimen ekitaldia, domekan

Anboto 2015ko aza. 19a, 12:00

Lutxi Urigoitia gogoratu eta bere senitartekoek pairatutako mina aintzatesteko oroimen ekitaldia domeka honetan egingo dute; 13:30ean hasiko da, udaletxe pareko plazan.


Ekitaldia hasteko, testu bat irakurriko dute. Testu horrek gaur egun udalean dauden zinegotzi denen babesa du, eta baita 1987tik (Urigoitia hil zuten urtea) honako udalbatzarrak osatu izan dituzten beste hainbat zinegotzirena ere. Izan ere, udalak, azken 28 urteetan, Otxandion zinegotzi izandako lagunak batzar-erronda batera gonbidatu zituen orain aste batzuk; gonbidapena onartu zutenekin alderdika batu ziren, eta domekan irakurriko duten testuak batzarretara bildu zirenen adostasuna du.

Ondoren, testu hori Urigoitiaren senitartekoei emango diete adostasuna erakutsi duten zinegotzi denen sinadurarekin. Aurreskuarekin eta lore eskaintzarekin amaituko dute oroimen ekitaldia.

Udalak ekitaldiaren gaineko planteamendua eta bertan egoteko gonbidapena helarazi dizkio Eusko Jaurlaritzari, eta ekitaldiarekiko adostasuna azaltzeko eskatu dio: Jaurlaritzak gaia aztertu eta erantzungo dutela jakinarazi die.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!