Daniel Moro: "Carmelo Bernaola pasio-gizona zen, bizizalea, ez zen konbentzionalismoen lagun"

Anboto 2015ko aza. 6a, 11:39

Carmelo Bernaolaren (1929-2002) nortasuna, moldaerraztasuna, eta Otxandiogaz zuen lotura izango ditu hizpide Daniel Morok. Konpositorearen ofizio-zabaltasuna eta musikari egindako ekarpenak azalduko ditu; pasodoble errazenetik sinfonia konplikatuenera sortzeko gai omen zen. Bihar, kultur etxean, 19:00etan.


Zergaitik Carmelo Bernaola?
XX. mendeko konpositoreei eta 51ko Belaunaldiko —1924 eta 1938 artean jaioak— musikagileei buruzko ikasketetan aitzindari da Oviedoko unibertsitatea. Ikasketok zabaltzen aitzindari izan zen Angel Medina bera, tesiaren zuzendari izan dudana. ‘Abangoardiako musika Madrilen’ landu zuen tesian (1985), eta 51ko Belaunaldiari eta ondorengoei buruzko ikerketa desberdinak sortu ziren. Bernaolaren kasuan, hainbat alderdi zeuden ikertzeko. Adibidez, nazioarteko beste autore batzuengan izan zuen eragina. Bere obra azaltzeko, metodologia definitu batean oinarritutako analisi transbertsala ere falta zen.

Hori islatu gura izan duzu.
Bai. Kontzertu-musika edo musika akademikoagaz lotutako bere obran, loturaren bat zein teknika komunak aurkitzea falta zen. Ondoren, bai Madrilen bai Italian —1960-62an han ikasi zuen—  izan zuen eragina ere aztertu ditut. Italian, batez ere, hiru pertsonek izan zuten berarengan eragina: Goffredo Petrassik, Bruno Madernak eta Sergiu Celibidachek. Horiek Bernaolaren musikan nola eragin zuten jasotzea falta zen, eta eragin hori bere musikan nola islatzen den.

Musikan modernitatea definitu zuen 51ko Belaunaldiak.
Bai. 50eko eta 60ko hamarkadetan garatu ziren konpositore hauek. Gerra Zibila amaituta, autarkian, musika nazionalista sustatzetik, Europako errepertorioa hobeto ezagutzera egingo dute saltoa urte horietan. Dodekafonismoa eta serialismoa zabalduko dira 50eko hamarkadan; eta, 60koan, musika irekia, malgua. 51ko Belaunaldikoek bideratu zuten Espainiako musikaren aldaera hori. Musika berria ezagutzera emateko ahalegina, ia lan heroikoia aitortu zaie .

Jauzi handia egin zuten?
Aitzindari izan ziren musika berria ezagutzeko bideak zabaltzen. Bitarteko lana bete zuten: batetik, musika irekiari edo dodekafonismoari adskribatutako obrak sortuz, eta, bestetik, hizlari moduan. Madrileko Ateneoko Musika Aretoan kolaboratzen zuten Bernaolak eta beste musikagile batzuek, konpositore garaikide edo korronte berriei buruzko hitzaldiekin.

Madrilera oso gazte joan zen arren, Bernaolak beti izan zuen gogoan Otxandio.
7-8 urtegaz jaso zituen solfeoaren hastapenak, Sergio Olasoren eskutik. Lehenengo maisua izan zuenaren alabagaz, Pilar Olasogaz, hitz egin dugu tesirako. Konpositoreak sukaldaririk kutunena izan zuenagaz ere egon gara: MªJesus Azkorbebeitiagaz. Prentsak ere jaso zuen lez, berak eman zion azken bazkaria Bernaolari: patata lebatzagaz, saltsan. Otxandiotik Madrilera joan zen propio horretara, 2002ko ekainaren 5ean. Hunkiberatasunagatik da datu esanguratsua. Elkarrizketa hauek Itziar Larrinagak egin ditu.

Urteak pasatu ziren Otxandiora bueltatu arte...
Aitari jarritako salaketa baten eraginez, eta gerra zibilagatik joan zen familia osoa, 1937an. 40 urte pasatu ondoren bueltatu zen lehenengoz, 70eko hamarkadaren bukaeran. Gero, maiz etorri zen. Madrilen, pelikula baterako musika grabatzen ari zela, Otxandioko kanpaiak entzuteko deitzen zuela ere esan zigun Azkorbebeitiak.  

Abesbatzetarako ere asko konposatu zuen.
Tolosako Abesbatzen Lehiaketan epaimahai jardun zuen, eta Euskal Herriaren musikaltasunerako bertutea nabarmendu zuen beti; kantuarekikoa bereziki. Lan asko sortu zituen abesbatzentzat, adaptazio asko ere bai. Oso garrantzitsuak diren bi erlijio-kantata ere baditu: Negaciones de Pedro (1975) eta Las siete últimas palabras de Jesús en la cruz (1984). Gutxi ezagutu arren, oso garrantzitsuak dira.

Antzerkirako, zinemarako eta telebistarako ere hainbat obra  sortu zituen. ‘Verano Azul’ telesailaren musika, tartean.
Bai. Gainera, horrexegatik ezagutzen dute denek. Bitxia da. La Clave programaren musika ere sortu zuen, eta Athleticen ereserkia. Berez, moldatu egin zuen ereserkia, 1983an. Egia esan, orkestratu egin zuen, eta nahiko aldatu zuen. Horregatik gogoratzen dute askok. Bere izaeraren erakusle da hori: abanguardista profil horretatik oso urrun. Ez zen inoiz teorikoa, akademizista izan. Beti lotu zuten gehiago herri mailagaz. Pasio-gizona zen, bizizalea, ez zen konbentzionalismoen lagun, ezta termino teorikoetan berba egitekoa ere.

Horrek eragin du herri mailan ezaguna izatea?
Bai, musika horiengatik da batez ere ezaguna, baina, Bernaolaren musika akademikoaren katalogoa 142 obrek osatzen dute, kontzertu-aretoetarakoak direnak. Batzuk formatu handikoak, ordu erdi irauten duten aipatutako bi kantatak, adibidez. Nabarmentzekoa da hiru sinfonia idatzi izana ere bai. Bitxia da Verano Azul telesaileko bi minutuko sintoniagatik gogoratzea.

Medioen boterea...
Bai! Prentsan ere hainbat elkarrizketa egin zizkioten, eta beti puztu dute profil hori: gastronomiarekiko, futbolarekiko, eta edariarekiko zuen zaletasuna. Herriari oso lotuta zegoen, musikari abangoardistaren topikotik oso urrun.

Hainbat sari jaso zituen.
Makina bat. Adibidez, Espainiako Sari Nazional bi (1962 eta 1992an), Meritu artistikoari domina (1993) eta Fundación Guerrero saria (2001) musika-aretoetarako sortutako musikagaitik. Zinean egindako lanagaitik Zinematografia Sari Nazional bat edo Goya Saria (1989).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!