Bernaolaren bizitzari errepasoa egingo diote azaroaren 7ko hitzaldi-solasaldian

Anboto 2015ko aza. 3a, 10:28

Carmelo Bernaola musika konposatzailearen bizitza eta Otxandio sorterriagaz zuen lotura aztertuko dute. Bernaolak musikari ekarpen handia egin zion; besteak beste, 82 filmetako soinu bandak eta Atlhetic-en himnoa konposatu zituen. Umetan familiagaz Otxandio utzi bazuen ere, sorterria oso presente izan zuen beti eta harremana mantendu zuen euskal kulturagaz.

Carmelo Bernaola (1929-2002) musika konposatzailea XX. mendearen bigarren erdian Estatu mailan izan zen autorerik inportanteenetakotzat jotzen dute adituek. Umetan joan zen Otxandiotik familiagaz, baina bere sorterriari txoko berezia gorde zion beti oroimenean. Musikologian doktore diren aditu bik Bernaolaren bizitzaren alderdi hori zein beste batzuk berbagai izango dituzte, azaroaren 7an, 19:00etan, Otxandioko kultur etxean eskainiko duten hitzaldi-solasaldian.

Daniel Morok (1983, Oviedo) Bernaolaren obraren eta eraginaren gaineko tesi doktorala egin du, eta tesi horretako zuzendaria Itziar Larrinaga izan da (Amurrio, 1976, Otxandion bizi da). Antzeko egiturari jarraituko dio hitzaldiak: Larrinagaren gidaritzapean, Morok Bernaolaren bizitzari errepasoa egingo dio. Hitzaldiaren zurruntasunetik irteteko antolatu dute hitzaldi-solasaldi formatuan.

Aurreko egun bietan, azaroaren 5ean eta 6an, beste hitzaldi bana eskainiko ditu Morok, Gasteizen eta Donostian. Batik bat, Bernaolaren konposizioetan eta sormen tekniketan zentratuko da. Otxandiokoak tonu dibulgatzaileagoa eta entretenigarriagoa izango du. Bernaolak zazpi urtegaz utzi zuen Otxandio, gurasoak Burgosera bizitzera joan zirenean. Ondoren, bere bizitzako urte asko Madrilen eman zituen. Hala ere, Otxandio sorterria presente izan zuen beti, eta baita euskara eta euskal koru tradizionala ere. Hartueman horiei buruz jardungo dute, besteak beste.

50 urteko sormen lan sakona
Bernaolak musikari egindako ekarpena zabala eta sakona izan zen. 82 filmetako soinu bandak konposatu zituen, eta teatrora eta telebistara (Verano Azul telesaileko soinu banda, esaterako) ere bideratu zuen bere sortzeko gaitasuna. Beste makina bat musika pieza ere sortu zituen  50 urtean zehar.

Bere ibilbide luzean jaso zituen hamaika sarien artean daude Arte Ederretako Urrezko Domina, 1987an, eta Goya sari bat Pasodoble filmeko soinu bandagatik, 1989an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!