Mainondoko ikas komunitatea: "Denok erabaki genuen proiektu honetan sartzea, herri mailan"

Anboto 2015ko urr. 31a, 10:00
Idoia Ortiz de Zarate (Otxandio, 1975) eta Unai Orbe (Mallabia, 1974), Mainondoko gurasoa eta irakaslea.

Ikas komunitatea irakaskuntza ereduan txertatzeko prozesuan murgilduta daude Mainondo eskolan. Batzorde mistoak eta talde elkarreragileak sortu dituzte Ametsa bete guran, eta proiektua desagertu ez dadin ari dira lanean. Boluntarioak animatu gura dituzte, eskola ez eze herria ere inplikatzen duen egitasmoan. Idoia Ortiz de Zarate gurasoak eta Unai Orge irakasleak esperientziaren berri eman dute.


Ikas komunitatea irakaskuntza ereduan txertatzeko prozesuan murgildu zarete. Eskola-arrakasta du helburu.
Unai Orbe: Denon artean, bakoitzak dakiena besteari komunikatzea, horixe da helburua. Elkarrekin eztabaidatuz, bakoitzaren ezagupenak besteari helaraziz, akordio batera heltzea. Momentuz, irakasgai batera mugatu gara: matematikak. Ondo badoa, beste batzuetara zabaldu daiteke, baina, hasiberriak gara.

Komunitate sozialarekin hartu-emanak badu eraginik?
U.O.: Komunitateko beste pertsona batzuk ere hor daudela ikusteak, eta badutela zer irakatsi erakusteak ikaslearen ikuspegia aldatu dezake. Horri garrantzitsua deritzogu. Besteekiko errespetua izaten erakusten du, eta albokoaren saiakerak baloratzen lagundu .

Ametsa 2013-2014 ikasturtean abiatu zenuten. Ikas komunitate osoaren ekarpenekin hainbat helburu batu zenituzten.
Idoia Ortiz de Zarate.: Herriko premiak ezagutu gura genituen. Irakasleen, ikasleen, gurasoen eta herritarren premiak. Hartara, 700etik gora amets batu genituen, eta horiek bideratzeko, hiru batzorde misto eratu ziren.  Talde elkarreragileak ere sortu ziren, gelan bertan eragiteko.

Talde elkarreragile horretan ari zara zu zeu. Zer egiten duzue?
I.O.: Astean behin, matematika klase baten edo bitan jarduten dugu (buruketak, ariketen ebazpenak, geometria, jolasak... lantzen dituzte), hiruzpalau ikasleko taldetxotan. Blokeatuta geldituz gero, hortik irteten laguntzen diegu, arazoa bideratzen. Txarto irten arren, egitera sustatzen ditugu. Zeharka, errespetatzen, zailtasunak dituenari laguntzen, azalpenak ematen, edota entzuten ikasten dute. Isilik dagoen eta ausartzen ez den horrengan eragiten dugu; bakoitzari bere lekua eman, eta zailtasun gehiago dituenari lagunduz.
U.O.: Txandak errespetatzen ikasten dute, albokoak dioena entzuten. Elkarrekin aritzea da helburua, albokoa errespetatuz, eta gainetik jarri gabe. Zer egin behar den eta nola adostu behar duten elkarregaz.

Hiru batzorde misto ere sortu dira: pedagogikoa, azpiegiturak eta elkarbizitza.
U.O.: Bai. Batutako ametsak, ahal den neurrian, egia bihurtzea dute helburu.
I.O.: Patioko arauak finkatu dira, eta konponketak egin dituzte. Etxeko lanen inguruan ere sortu zen eztabaida.

Zer erabaki zenuten?
U. O.: Guraso eta irakasleen artean galdetegi bat banatu genuen, eta, ikasleen artean, inkesta bat. Ikasleen %90ek esan zuen etxeko lanak nahi zituela, baina, era arautu batean (ez egunero, ezta egun baten piloa batzea ere, eta hurrengoan ezer ez). Irakasleon artean, koordinatzea eta arau batzuk finkatzea erabaki genuen. Halako dekalogoa sortu zen.

Talde elkarreragileen helburua, baina, bestelakoa da?
I.O.: Hala da, bai. Kasu honetan, jolasean ikastea da helburua. Matematikak beste era batera lantzea, zeharka beste hainbat gai landuz: errespetua, enpatia... Ikas komunitatea irakaskuntzan txertatzeko prozesuaren bi arlo bereizi dira: batzorde mistoak eta talde elkarreragileak.

Talde elkarreragileetarako boluntarioak ezinbestekoak dira. Hala ere, ez zarete asko.
I.O.: Adituen lana dela, irakasle papera hartu behar dugula uste dute batzuek, eta, halako bildur bat dago. Ez da horrela. Egia da irakasleak badaudela, baina, irakasle ez garenak ere bai. Ez da behar ezagupen berezirik. Eskola-umeak ondo egotea, elkar errespetatzea da gure lana. Etxean lau umegaz egotea lez, baina, matematikak egiten. Eta ez da behar matematika jakitea, ez diozu esan behar-eta zer egin.

Gurasoa edo bestelako familia kidea izan daiteke boluntario.
I.O.: Bai. Orain, gaudenon erdiak baino gehiago, ez dira guraso. Eta, eskolan 100 familia bagara...

Zer esan gura diezu animatzen ez diren horiei guztiei?
I.O.: Denok erabaki genuela proiektu honetan sartzea, herri mailan erabaki genuela. Ikas komunitatea ez da eskolara mugatzen, herriko proiektu bat da, eta denok hartu genuen erabakia. Orain ezin dugu esan ‘beste batek egin dezala’. Gainera, oso positiboa dela uste dut.  Esperientzia oso polita da, eta norberak ere asko ikasten du; umeekin beste era baten entzuten, ikusten... ikasten da. Astean ordu t’erdi inguru da.
U.O.: Arazoa da, askotan, eskolako ordutegian izaten dela, eta lanagaz batera egitea ez da erraza. Txandaka arituz gero, batzuetan joan egin gaitezke, besteetan ez.

Positiboa da ikasleentzat ere?
I.O.: Umeak, orokorrean, gustura ari dira. Ikasteko beste modu bat da, eta harremanetan jartzeko beste era bat: lider papera hartzen duenaren berbak zein isilik geratu ohi denarenak balio bera duela ikasi behar dute. Zailtasunak izan ditzaketen ikasleei segurtasuna hartzen, iritzia ematen laguntzen die.
U.O.: Talde kohesioa ere lantzen da. Gerta liteke ondo ez konpontzea, baina, lanerako errespetu hori mantenduko dute. Era berean, ikasketak ondo daroazenen artean ere sumatzen da jarrera aldaketa bat, ez lanarekiko, bestearekiko baizik.

Beste ikastetxe batzuk ere badaude proiektu honetan sartuta.
I.O.: Lekeition, adibidez. Proiektua bideratzen lagundu ziguten. Iurretako Maiztegin ere ari dira

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!