Azaroko ekitaldi batek Lutxi Urigoitia gogoratuko du

Anboto 2015ko urr. 30a, 10:20
Joan zen asteko udalbatzarren eman zuten astean zeharreko batzarren berri.

Azaroan zehar, Lutxi Urigoitia gogoratzeko ekitaldi bat egingo dute Otxandion. Oraindik eguna erabaki barik dago. Azaroaren 10a biktimen oroimenerako eguna da, baina martitzena denez, ez zaie egunik aproposena iruditzen udal ordezkariei. Beraz, seguruenik, astebururen bat aukeratuko dute.


Ekitaldia egitea erabaki aurretik, horren gaineko adostasunik eta babesik zabalena lortzen saiatu da udala. Horretarako, 1987tik hona (urte horretan hil zuten Lutxi) Otxandioko udalean zinegotzi izan direnekin batzarrak deitu dituzte, asteon. Euskadiko Ezkerrako, EAJko eta Ezker Abertzaleko 50 bat zinegotzi ohiri luzatu diete gonbidapena, gutun bidez. Horietarik erdiak inguru agertu dira, astelehenetik eguaztenera alderdiek banatuta egin dituzten batzarretara. Testu bateratu bat adostea, balizko ekitaldiaren formatua eztabaidatzea eta aurrera begira Urigoitiaren memoria lantzeko zer egin daitekeen hausnartzea dira mahai gainean jarritako gaiak. Gaur egungo udalbatzarra osatzen duten EH Bildu zein EAJko ordezkariek ere parte hartu dute batzarretan, gidari lana egiteko.

Urtzi Armendariz alkateak batzarren balorazio “oso ona” egin du: “Gidoi bat adostu dugu, eta Lutxiri gertatua gogoratzeko, azaroan zehar, ekitaldi bat egiteko asmoa dugu, horretarako babesa jaso dugulako”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!