250 ardi Otxandiotik zehar, hilaren 9an

Anboto 2015ko urr. 7a, 09:45
Sasoi batean ohikoak ziren transhumantzia bideak. (Argazkia: Gerediaga Elkartea - Txelu Angoitia)

Getxoko Udalak sustatuta, sasoi bateko transhumantzia bideen gaineko dokumentala grabatuko dute aditu batzuek. Horretarako, ibilbide horiek berriro egingo dituzte ardiekin. Otxandio transhumantzia bide horietako baten pasabidean dago eta, beraz, bertatik ere igaroko dira.


Urriaren 9an, barikuan, 250 bat ardi igaroko dira Otxandioko herrigunetik. Ikusi nahi dituenak goiz esnatu beharko du. Oleta inguruko landa batean emango dute gaua eta, goizean goiz, 07:00 inguruan, Otxandio herrigunea zeharkatu, eta Dimako aireportu zaharrerantz joango dira, Getxoko Udaletik adierazi dutenez.

Fredi Paia bertsolariak eta Aitor Gisasola errealizatzaileak proposatutako ideia batean du sorburua dokumentalak. Sasoi bateko transhumantzia bideen nortasuna berreskuratu gura dute. Hainbat ibilbide zeuden, eta horietako bat Gorbean hasi, eta kostaldean amaitzen zen, tartean Otxandiotik igarota. Ibilbide hori lau egunean egingo dute eta, besteak beste, Larrabetzu, Gamiz eta Uribe Kostako hainbat herrigune bisitatuko dituzte. Tarte batzuk kamioiz egin beharko dituzte, baina, oro har, oinez ibiliko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!