Konposterako kanpainarako ia 100 familia apuntatu dira

Anboto 2015ko abu. 26a, 13:19

Aldundiak autengo diru-laguntzak agorturik daudela jakinarazi du; beraz autokonpostarekin 2016an zehar hasiko dira. Bitartean auzokonposterako gune bi atonduko dituzte.

Herritar talde batek hondakinak biziklatzeko kultura sustatu guran konpostatzeko kanpaina abiatu zuen ekainean eta ia 100 familiak erakutsi dute ekimenean parte hartzeko interesa.

Autokonposta —nork bere etxean egitekoa— eta auzokonposta, —gune amankomunak— dira konposta egiteko landuko diren aukera biak. Autokonpostak, ordea, datorren urtera arte itxaron beharko du. Autokonposterako materiala interesatuei dohainik banatzea da asmoa, baina Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, arlo horretara aurten bideratutako diru-poltsa dagoeneko agorturik dago. Beraz datorren urtera arte itxaron beharko dute. 2016ko urtarriletik aurrera, diru laguntza jaso ahala, kanpaina horretan izena emandako herritar denei erantzuten joango dira.

Baina bitartean kanpainako hainbat atal garatzen joango dira udaleko diru laguntza bati esker. Alde batetik, konpostaren gaineko ikastaroak antolatzeko asmoa dute. bestetik, auzokonposterako pare bat gune atonduko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!