Kultur aniztasunaren aldeko jaia egingo dute zapatuan

Anboto 2015ko mai. 28a, 10:00

Zapatuan, kultura aniztasunaren aldeko jaia egingo dute Otxandion. Herrian dauden kulturen arteko harremanak sendotzea eta elkarkidetasuna sustatzea dira helburuak.


Goizetik arratsaldera askotariko ekintzak izango dituzte Otxandioko Udalaren, eta Gite-Ipes eta Bestealde elkarteen arteko elkarlanari esker. 12:00etan gaztetxoak izango dira protagonista. Munduan zehar hamaika modu daude jolasteko. Horietako joko asko batu dituzte, eta umeei probatzeko aukera eskainiko diete udaletxe pareko plazan.

Ondoren, 13:00etan, munduko kultura askotako gastronomia probatzeko aukera egongo da plazan atondutako postuetan. Ordu bererako, umeentzako ipuin kontalari saioa ere antolatu dute Andikona plazan. Horretaz gainera, goiz osoan gaiteroak, txistulariak eta trikitilariak ibiliko dira herriko kaleetatik giroa alaitzen.

Arratsalderako, 18:30ean, La Pulga flamenko ikuskizuna antolatu dute Andikona plazan. Gitarra, perkusioa, dantza eta kantuek osatutako ikuskizuna da Askoa Etxebarrieta Lasheras flamenko dantzaria protagonista duena.  

Azkenik, Urbiribil dultzaina taldeak eta Lagun Artean kantari taldeak herriko kaleetatik kalejira egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!