Jantoki zerbitzu egonkorra eskatzeko protesta egingo eguaztenean Otxandioko eskolan

Anboto 2015ko mai. 5a, 11:20

Jantokirik gabeko simulazioa egingo dute. Nork bere etxetik eramandakoa jango dute jantokiko 100 erabiltzaileek. Hezkuntza Sailak jantoki zerbitzu hobea bermatu ezik, “zerbitzua kolokan” dagoela salatu gura dute.

Larrialdietarako ebakuazio simulazioak egiten diren moduan, Otxandioko eskolan jantoki bako simulazioa egingo dute bihar, 12:30ean. Zerbitzu hobea bermatu ezean, simulazioa izango dena errealitate bilakatu daitekeela salatzea da helburua.  

Eskaera nagusia sukaldari titularra gaixotuz gero, horren ordezkapena bermatzeko dauden arazoak konpontzea da: “Hezkuntza Sailak lan poltsetara jotzen du, eta hor esaten dute zonaldeko zerrendetan inor ez dagoela Otxandiora joateko moduan”, azaldu dute eskolako ordezkariek ohar batean. “Eskolan urtero entzuten da zerrenda berriro zabalduko dela ordezkapenak egiteko jende gehiago sartzeko, baina oraindik ez da ireki”. Beste irtenbide bat Arabako zerrendetara jotzea izan daiteke “baina hori ere ezinezkoa omen da”.

Gainera, ordezkapen eskaeraren erantzuna “azken unean iristen da, arratsaldeko saioak amaitzear daudenean eta gurasoei abisatzeko apenas denborarik gabe”.  Ordezkapenaren “arazo larriaz” gainera azpiegituran ere hobekuntzak eskatu dituzte: “Sukaldeko plakaren bat matxuratzen denean, luze jotzen du konponketak”.

Arazo horien aurrean, eguneroko zerbitzua bermatzeko “magia” egin beharrean aurkitzen direla adierazi dute: “Egun librea hartu behar zuen sukaldariak ez du eguna hartzen kaosa iritsi ez dadin; hiru orduko kontratua duen sukaldari-laguntzaileak bere lan jarduna biderkatzen du umeak otordurik gabe ez uzteko; jantokiko begiraleak sukaldari laguntzaileak bilakatzen dira eta klase ordurik ez duen irakaslea ogia mozten hasten da”.

Modu horretara eguneroko zerbitzua bermatzen dutenez “ematen du Otxandioko eskolan ez dagoela arazorik”, baina eskola txiki batean sukaldari bat kolokan edukitzeak “ondorio larriak” izaten ditzakeela uste dute, “zerbitzua bera kolokan jartzen duelako”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!