Argiterian eraginkortasuna eta zerbitzu hobea izateko azterketa egiten dabil Otxandioko Udala

Anboto 2015ko api. 27a, 11:50

Argiteria publikoa kudeatzeko modua aldatzeko neurriak aztertzen dabil udala. Argiteriaren mantentze-lanak eta eraginkortasun energetikoa hobetzea ditu helburu.


Bide horretan, argiteria publikoaren eta udal eraikinen ikuskapen energetikoa egin dute, eta hainbat ondorio utzi ditu; esaterako, leku batzuetan LED lanparak jarriz gero, urtebetean aurreztutako diruagaz, lau urtean inbertsio hori ordaintzeko moduan egongo liratekeela uste dute, eta, horren ondorioz, herriko argiteria sarea hobetzeko aukera izango lukete.

Aldaketa horiek jasotzeko udala argindarraren kontrataziorako baldintza agiriak prestatzen dabil. Baldintza agiri horietan, argindar guztia iturri berriztagarrietatik etorri beharko dela ere jasoko du Otxandioko Udalak.
Bestetik, energia zerbitzu enpresa baten kontratazioa egiteko baldintzak aztertzen dabil udala datozen lau urteetarako. Enpresa horrek bere gain hartuko lituzke argiteria publikoaren eraginkortasuna zein herriko argiztapena hobetzeko inbertsioak; era berean, argiteria azpiegituretako matxuren konponketa ere bere gain hartuko luke udalagaz adostutako baldintzetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!